Gurutze eta Karrikako herribide bana eta Ergoiengo bi konponduko ditu udalak. Arbelaitz Bideko bizilagunek eskatutako oinezko pasabidea egingo dute.
Añakadira doan bidea, lanetarako markatuta.
Oiartzungo Udala herribideak konpontzen hasi da. Zehazki, hiru auzotako lau herribide izango dira txukunduko dituztenak. Ergoiengo Añakadi baserrira doan bidearekin hasi dira, eta Karrikara pasako dira langileak. Auzo horretako Lekungarai herribideko sarrera txukunduko dute. Bertatik Artikutzarainoko baserri guztien postontziak daude hor.
Lan horiek bukatuta, Gurutze eta Elizalde auzoak, Urkabe zeharkatzen duen Fraileen Bidea txukunduko dute. Azkeneko lanak egiteko Ergoienera bueltatuko dira, Arbelaitz bidera. Herribidea konpontzeaz gain, bidegorriarekin lotuko duen pasabidea ere egingo dute. Ergoiendarrek maiz eskatu dute oinezkoentzako pasabide segurua, eta hori izango dute Arbelaitz bideko baserrietako bizilagunek.
Lau herribideen konponketek 87.000 euro inguruko inbertsioa suposatuko dute.