'Gu geu gara alternatiba' leloarekin gazteen arteko eztabaida guneak egin dituzte arratsaldean Oiartzungo lau gunetan, hainbat gaietan sakonduz.
Gaztetxean bi talde bildu dira.
Oiartzungo gazteek
eztabaida saioak egiten ari dira gaur arratsaldean (larunbata), bost gairen gainean iritziak bildu, horietan sakondu, eta herrian aplikatzeko bideak jartzeko,
Gu Geu Gara Alternatiba lelopean. Finean, gazteen ikuspegitik Oiartzun eta Euskal Herria eraikitzeko alternatibak lantzen ari dira.
Udaletxean, Elorsoroko bilera gelan, gaztetxean eta Bibliotekan taldeak egin, eta hitz egin dute herriko gazteek. Sakon. Herriko gazteen mugimenduak antolatu ditu solasaldiak.
Honakoak dira aztertzeko dituzten gaiak:
- Elikadura burujabetza (udaletxeko pleno aretoan): Zer da elikadura burujabetza?, Non erosi ditzaket bertako produktuak? eta Oiartzun elikaduran burujabe!
- Kirola (Elorsoroko bilera gelan): Lehia: oposizio egoera. Ona ala txarra?, Harremanak: Genero bereizketak. Praktika mixtoak ala bereziak?, Rol, estereotipo, heteroaraua eta Osasuna eta burujabetza.
- Sorkuntza (Manuel Lekuona bibliotekan): Sortzaileen sarea, Praktika onen bilduma eta Gaztiak sorkuntzari eta sorkuntzak gaztiai.
Feminismoa (gaztetxean): Feminismoaren hiru ‘z’-k: Zer da? Zertarako? Zergatik? eta Oiartzungo gazte erronka feministak.
- Jai ereduak (gaztetxean): Jai eredu alternatiboei buruzko hausnarketa, Xanistebanen balorazioa eta 2017ko xanistebanak nolakoak izatea nahi dugu?.
Topaketa horiek ez dituzte ausaz antolatu. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, orain dela urtebete baino gehiago, egun gazteek hainbat eremutan —lan mundua, etxebizitza, ikasketak eta abar— bizi duten egoeraren aurrean, gazteek eurek alternatibak eraiki behar dituztela anabarmendu dute. Gainera, Pasa den abenduaren 9tik 11ra, Barañainen Gazteraiki topaketak egin zituzten. Hortik ateratako ondorioekin
Gu Geu Gara Alternatiba izeneko liburuxka atera zuten.
Hainbat oiartzuarrek Barañainera ezin izan zutela hiru egunez joan azaldu dute herriko topaketen antolatzaileek, eta horregatik, Oiartzunen bertan topaketa batzuk egitea erabaki zuten.