Denboraldiko bigarren garaipena lortu du Oiartzunek, Fundacion Albacete menderatuta. Oraingoan, oiartzuarrak izan dira azken minutua gola sartu dutenak.
Oiartzun Kirol Elkarteak emaitza onak eskatu bazizkion Olentzerori, ikazkinak bere hitza bete du. Lehen Mailako taldeak hiru partida jokatu ditu 2017an, eta zazpi puntu eskuratu ditu. Azken hiruak, atzo eguerdian Karla Lekuona futbol zelaian.
Jokoa menperatzen hasi ziren etxekoak. Aukera pare bat izan zituen Carol Gonzalezek, baina ez zuen asmatzerik izan. Ordu erdi pasatxo zela bai asmatu zuen aurrelari galiziarrak. Ongi bukatu zuen jokaldia Albacetekoen atezainaren aurrean. Harmailetan zegoen Ainara Manterola taldekideari —epe luzerako dago min hartuta— eskaini zion gola.
Atsedenaldiaren ondoren, jokoa parekatu egin zen, eta Mantxakoak berdinketaren bila aritu ziren. 81. minutuan lortu zuten, bi minutu lehenago atera zen Macarena Puertasen bitartez. Azkeneko minutuetan tentsioa nabarmentzen zen, eta bi taldeei igarri zitzaien galtzeko beldurra zutela. Azkeneko minutuetan Oiartzunek izandako zorte txarra atzo alde izan zuen. 94. minutuan, Anne Mugarza kapitainak maisuki baloi loratua jarri zion Eguzkiñe Peña azpeitiarrari, eta aurrelariak ez zuen barkatu.
Atzoko garaipenarekin, jaitsiera postuetatik atera dira oiartzuarrak, nahiz eta Espanyolekin berdinduta dauden. Gainera, atzoko arerioa ere mailari eusteko borrokan sartu dute. Ea bolada onak jarraitzen duen. Datorren jardunaldian bidaia luzea egin beharko dute, Huelvaren kontra jokatzeko.
FUTBOLA
Gizonen Erregional Ohorezko Maila
- Amaikak Bat-Oiartzun: 2-0.
Emakumeen Euskal Liga
- Oiartzun B-Erandioko Betiko Neskak: 2-2.
Gizonen Lehen Erregionala. Igoera Fasea.
- Elgoibar-Oiartzun B: 1-1.
ARETO FUTBOLA
Gizonen Hirugarren Maila
- Oiartzun-Ostadar Carpinteria Antonio: 1-6.
Gipuzkoako Lehen Maila
- Hirukide Eskolapioak-Power Rangers: 6-2.
Gipuzkoako Bigarren Maila
- Makax-Miren Taberna: 3-3.
SASKIBALOIA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Cafes Aitona Askatuak-Oiartzungo Saskilagunak: 54-33.