Gure Esku Dago-k hainbat ekitaldi antolatu ditu, Demokraziaren aldeko Euskal Herria-Catalunya jaialdia izenburupean, martxoaren 19ko kontsulta girotzeko.
Aurretik egindako bi Gure Esku Dago Egunetan parte hartu dute kataluniarrek.
Demokraziaren aldeko Euskal Herria-Catalunya jaialdia. Horixe Oiartzungo Gure Esku Dago-k asteburu honetarako antolatu duen kultura ekitaldi sortaren izena. Martxoaren 19rako Demoarsok antolatu duen herri kontsultarako motorrak berotzen hasiko dira, horrela, herrian.
Antolakuntza lanetan dabilen Aitziber Arnaizek azaldu duenez, asteburuko ekitaldiekin herritarrei gogorarazi nahi diete Gure Esku Dago-ko kideak lanean ari direla, eta bide batez, herri galdeketa horretarako bi hilabete baino gutxiago falta direla. Horrez gain, Kataluniako prozesuaren “judizializazioa” salatu eta kataluniarrei elkartasun keinu bat helarazi nahi diete erabakitzeko eskubidearen alde dauden oiartzuarrek.
Gure Esku Dago-k antolatutako aurreko ekitaldietan parte hartu zuten kataluniarrak bueltatuko dira Oiartzunera. “Banyeres del Penedeseko lagun batzuk etorri izan dira. Banyereseko Colla del Drac taldekoak etorri izan dira, baitata ondoko herriko —l’Arboçeko— Ball de Bastons taldekoak ere. Anoetan egin zen ekitaldian ere parte hartu zuten”, esan du Arnaizek. Gaineratu duenez, kataluniarrak prest zeuden Euskal Herrira etortzeko. Estreinakoz beste talde bat etorriko da: Banyereseko Esbart Santa Eulalia ere izango da Oiartzunen. Guztira 70 lagun izango dira Kataluniatik etorriko direnak.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeak herritarrei parte hartzeko eskatu die, “eta ez bakarrik ikuskizun bezala” ikusteko. Egingo dituzten ekitaldien artean bat nabarmendu du Arnaizek: “Larunbatean
calçotada egin eta taloak jango ditugu. Ezaugarri komun bat dute: gerra garaian, besterik ez zegoenean, calçotak jaten zituzten Katalunian eta taloak Euskal Herrian. Biak dira orain oso popularrak”. Bi jakiak probatu ondoren, herri bazkaria egingo dute larunbatean bertan. Txartelak “ahal bezain pronto” erosteko eskatu dute antolatzaileek.
Egitaraua
Hilak 4, larunbata
- 11:30ean: Lehenengo kalejira, Haurtzaro eta Elizaldeko Dantza Taldeak, Soinueneako musikariak, Catalunyako musikari eta dantzariak eta Drac de Foc.
Ibilbidea: Haurtzaro ikastolako aparkalekua, Elorrondo, Tolaita taberna, Rafael Pikabea, Yon Oñatibia, Landetxe plaza, Mendiburu kalea, Done Eztebe plaza, Madalensoro.
- 13:00etan: Madalensoro plazan Catalunyako calçotada eta Oiartzungo taloak.
- 13:30ean: Demokraziaren aldeko ekitaldia.
- 14:30ean: Herri bazkaria Madalensoro pilotalekuan.
- Bazkaldu ondoren, musika eta dantza ikuskizuna: Soinueneko musikariak, Esbart Santa Eulalia de Banyeres del Penedes eta Oiartzungo Olarri Dantza taldea.
- 18:30ean: Bigarren kalejira, Catalunyako musikari eta dantzariak eta Drac de Focekin.
Ibilbidea: Madalensoro, Manuel Lekuona, Yon Oñatibia, Landetxe plaza, Iparralde hiribidea, Euskal Herria plaza, Done Eztebe plaza.
- Bukatzeko, Drac-aren azken piztuera Done Eztebe plazan.
Hilak 5, igandea
- 12:00etan: HELTAko Muxikoak Done Eztebe plazan.
Hilak 6, astelehena
- 19:30ean: Erabakitzeko eskubidearen gakoak, M19ko galdeketari begira mahai ingurua, Azmarrinen eskutik. Pleno aretoan. Honakoak izango dira parte hartzaileak: Zelai Nikolas (Eusko Jaurlaritzako legelaria eta Gure Esku Dagoko kidea), Mario Zubiaga (EHUko Politika eta Administrazio Saileko irakaslea eta Gure Esku Dagoko kidea) eta Imanol Esnaola (Gaindegiako koordinatzailea eta Demoarsoko kidea).
Honakoa izango da Demokraziaren aldeko Euskal Herria-Catalunya jaialdia deitu diotenean parte hartuko duten eragile eta taldeen zerrenda luzea: Haurtzaro Dantza Taldea, Elizalde Dantza Taldea, Olarri Dantza Taldea, Soinuenea, HELTAko muxikoak, Oiartzungo talogileak, Azmarrin hausnarketa taldea, Banyeres del Penedes-Oiartzun Senidetza lantzen ari den lantaldea, Colla del Drac de Banyeres del Penedes, Ball de Bastons de l’Arboç eta Esbart Santa Eulalia de Banyeres del Penedes.