'Ongi etorri, gazte!' egitasmoa abiarazi dute Pasaian. Helburua da han bizi diren gazteek beren ikuspegitik erakustea herria, kanpotik datozenei.
Pasaiako badiako bokaleak ematen dio izena udalerriari, eta Euskal Herrira iristeko —eta hura uzteko— ateetako bat izan da historian. Migrazioen tokia izan da Pasaia. Eta, gaur egun, beste bide batzuetatik bada ere, etorkinak hartzen ditu oraindik ere udalerriak. Adingabe etorri berriei harrera egiteko asmoz, Pasaiako Udalak
Ongi etorri, gazte! programa abiarazi du. Helburua da herrian bizi diren gazteek harrera egitea etorri berriei.
Marian Suarez Migrazio eta Aniztasun teknikariak gogorarazi duenez, 2008an udalak adierazpen instituzional bat onartu zuen, haur eta nerabeak “lehentasunezko kolektiboa” zirela esanez. Iazko ekainean, berriz, harrera protokolo bat martxan jarri zuten. Hala, ikasturte honen hasieran 12 eta 17 urte arteko gazteekin bilerak egiten hasi ziren, gazte etorri berriei zein harrera egin zehazteko, Farapi kontsulta etxeak koordinatuta.
Farapiko kide da Nicola Foroni. Azaldu duenez, haur eta gazteei lehentasuna emateaz gain, subjektu aktibo izatea nahi dute. “Parte hartzean oinarrituta, gazteek eurek esango dute etorri berriei harrera nola egin”, esan du Foronik. Horrela, hiru jarduera antolatzea erabaki zuten bilera horietan: Trintxerpe-San Pedron bideogintza tailerra egitea; eta Antxon, berriz, futbol txapelketa eta
Ongi-etorri tour-festa.
Bideogintza tailerrean gazteentzako esanguratsuak diren tokiak grabatuko dituzte. Foronik azaldu duenez, gazteen ikuspegitik egindako bideoak izango dira, haientzako garrantzitsuak diren guneak agertuko dira. “Ez dira toki
ofizialak izango, haiek aukeratzen dituztenak baizik: esaterako, futbol zelaia, parke bat edo hemengo eskailerak. Haiek hitz egiten agertuko dira bideoan, eta parte aktiboa ere izango dira”.
Suarezek azaldu duenez,
Tour-festa izena jarri dioten ekitaldian, nerabeek elkar ezagutzeko parada izango dute. Antxon zehar itzulia egingo dute, musikarekin, eta eurentzako toki garrantzitsuenak direnak erakutsiko dizkiete. Alegia, Trintxerpe-San Pedrokoek bideoekin bezala, baina zuzenean. Futbol txapelketan, inklusioa eta generoen arteko berdintasuna lortu nahiko dute. Izan ere, Suarezek zehaztu duenez, emaitza baino gehiago, prozesua bera da garrantzitsuena.
Inklusioa helburu
Gazteria teknikari Cristina Vazquezek azaldu duenez, hiru zehar lerro dituzte etorri berrientzako jardunean. Lehen zehar lerroa euskara sustatzea da, eta, hori, inklusio hori egiteko modu bat da. Berdintasuna da bigarren zehar lerroa. Kezkatuta daude azken urteetan jende gaztearengan jarrera matxistak antzeman dituztelako. Hirugarrena aniztasuna da. Laugarren bat ere iradoki du Vazquezek: berdintasun aukerak ematea. “Denentzat egiten dugu lan gure zerbitzuen bitartez, ez bakarrik dirua dutenentzat. Haur eta nerabeen kasuan, batez ere, ludikotasunaren bitartez lortu behar dugu”.
Ludikotasun hori aldarrikatu du Gazteria teknikariak, gaur egun gazteak “gainezka eginda” ikusten dituelako, zeregin askorekin: “Eskolaz kanpoko ia jarduera guztiak zuzenduta daude beren curriculuma osatzera, eta badute helburu akademizista bat. Jolasteko eta sozializatzeko toki bat behar dute. Gainezka daude, presio handiarekin, krisiak eragindako lehiakortasunarekin”. Haien ardura kalean gertatzen dena “modu antolatuago eta hezitzaileekin modu seguruago batean” jolasteko eta lagunak egiteko espazioak eskaintzea da. Ludoteketan edo gaztelekuetan, haur eta gazteen artean inklusioa “modu naturalean” gertatzen dela esan du Gazteria teknikariak: “Erreferentzialtasun guneak dira, sozializatzeko guneak dira, lagunak egiteko, jolasteko, hausnartzeko…”.
Inklusioa bermatzeko gakoa jatorri bereko lagun taldeak ez egitean dagoela uste du: “Kuadrillek askotarikoak izan behar dute, eta aisialdi hezitzaile landua eman behar da. Zubi lanak egin behar dira, prozesu horiek errazteko”. Testuinguru horretan kokatu ditu
Ongi etorri, gazte! bezalako egitasmoak.
Proiektuarekiko atxikimendua da lortu beharrekoa, Foroniren esanetan. “Gazteek proiektuan jarraitzea nahi badugu, garrantzitsua da eurek aurrera eramatea prozesua. Beren arrastoa utzi behar dute, aurrera egin. Haren ustez, Pasaiako Udalean “ongi” ari dira lanean, “koordinatuta” daudelako. “Baina ez da bakarrik programak koordinatuak dituztelako”, jarraitu du, “baizik eta gazteek jarduera bat egitea erabakitzen badute horren araberako bitarteko eta zerbitzuak jartzen dituelako udalak”.
Beste barrutiei begira
Trintxerpe-San Pedroko bideogintza tailerra probako esperientzia gisa definitu du Vazquezek, eta ongi ateraz gero, beste barrutietara —Donibane eta Antxora— zabalduko litzatekeela ziurtatu du. “Horrelakoek guretzako ere balio dute, ikas dezagun”, esan du. Bidea, betiere, gazteek markatzen dutela nabarmendu du.
Bestalde, haur etorri berrientzako Harrera On egitasmoa martxan dutela gogorarazi du Suarezek, Pasaian bizitzen hiru urte arte betetzen dituzten arte. “Goxatzeko, lagunak egiteko eta nora etorri diren jakiteko balio du. Gainera, ekarri duten kulturari ere balioa ematen diogu”.
Udalaren eta herriko eragileen artean “urruntasun” bat egon zitekeela uste du Eli Astiazaran adingabeen eskubideen aldeko planaren koordinatzaileak, baina urruntasun hori elkarlanarekin apurtu dutela. Guztien lana beharrezkoa da etorri berriak eroso senti daitezen.