Galdeketaren izaera serioaz gain, igandean jai giroarekin gozatzeko aukera egongo da. Gure Esku Dagok hainbat ekitaldi antolatu ditu horretarako.
Lezoko Gure Esku Dagoko kideek igandeko egitaraua aurkeztu dute gaur.
Datorren igandean izango da erabakitzeko eskubidea egikaritzeko eguna. Hautetsontziak bozkaz betetzeko erronkaz gain, jai giroa ere sortu nahi du Lezoko Gure Esku Dagok. Eta ez dute nolanahiko egitaraua osatu.
Gaur aurkeztu dituzte martxoaren 19ko ekitaldiak. Gure Esku Dagoko kideek azaldu dutenez, “intentsitate handiko” urtea izan da. Dinamikari ginga jartzeko, egun “zoriontsu eta alaia” antolatu dute, “gozatzeko eta ilusio sortzeko” asmoarekin.
Horrela, Karlos Saldise plazan jarriko duten hauteslekua irekitzearekin batera —09:00etan— hasiko dira txistulari eta dultzaineroak kalez kale diana jotzen. Ondorengo ekitaldiak ondokoak izango dira:
- 12:30ean: Lezoko Dantzaleak, Karlos Saldisetik abiatuta.
- 14:00etan: Bazkaria Tiñelu elkartean. Txartelak salgai daude Tiñelun, haurrentzako sei euroko eta helduentzako hamabi euroko prezioan.
- 17:00etan: Iñaki Labakaren kantaldia, Gurutze Santuaren plazan.
- 19:00etan: Herriko 60 komertziok eskainitako sariak zozkatuko dituzte.
- 19:30ean: Zezen suzkoa plazan.
- 20:00etan: Bozkalekuaren itxiera ekitaldia, Karlos Saldise plazan.
Bestalde, pasa den larunbatean egin zuten kultur ekitaldiaren balantzea egin dute Gure Esku Dagoko kideek. Horrela, 160 inguru parte hartzaile eta 450 ikusle inguru izan ziren Bekoerrota kiroldegian. Ekitaldia “oso bateratua eta landua” izan zela nabarmendu dute, eta aurrera begira mota horretako ekitaldiak egiteari ateak ireki ziola uste dute.
Azkenik, botoa aurrez emateko aukera dago oraindik. Hala, gaur eta etzi 18:30etik 20:00etara arte eman daiteke botoa Donibane kaleko 14. zenbakiko lokalean. Biharko ordutegia, berriz, 11:00etatik 12:30era izango da.