Gaurkoa da Oarsoaldeko herritarrek euren erabakia hartzeko eguna, eta goiz goizetik erabakitzen hasi dira Lezon.
9:00etatik aurrera adin guztietako lezoarrak pasa dira euren bozka ematera.
Igande polita bizitzen ari dira lezoarrak. Eguraldi bikaina, giro paregabea. Gaurkoa da Oarsoaldeko herritarrek euren erabakia hartzeko eguna, eta goiz goizetik erabakitzen hasi dira Lezon. 09:00etan ireki dute Karlos Salside plazako bozkalekua, lau hautetsontzirekin. Mahai kide eta bolondresak goizeko ordu txikitatik aritu dira galdeketari begira dena prest izan zedin. Hasieratik giroa alaia izan da, inolako arazorik gabe. Bozkalekua ireki bezain laster aritu dira herrian barrena dultzainero eta txistulariak, oraindik ohean zeuden horiei deia luzatzeko asmoz.
Lehenengo ordutik herritar mordoa gerturatu da Salside plazara. Gazteak, helduak… Adin guztietako lezoarrak euren eskubidearen alde bozka egiten ari dira oraindik. Goiz eta arratsaldez. Etengabe jendea gerturatzen aritu da hautetsontzietara. “Erabakitzeko eskubidea izatea ez da eguneroko gauza”, dio 36 urteko Ruben Redondo lezoarrak. 24 urteko Iñaki Makazagak ere gaurko eguna azpimarratu nahi izan du, “herritarren etorkizuna erabakitzeko aukera bikaina” dela argudiatuz.
66 urteko Irune Mikeorentzat ariketa demokratikoa “pauso bat” izan da, “euskal herritar” izateko pausua. Herritik ia urte gehien dituen pertsonak ere ez du gaurko galdeketa galdu izan nahi. 91 urteko Mikela Eizagirre bere semearekin agertu da Salside plazara, izugarrizko “ilusioarekin”. Bere hitzetan, “euskalduna” da, eta semeak azpimarratu duen “eskubidea bermatzeko” aukera izatea da beraientzat garrantzitsuena. “Euskal herritar bezala hil nahi dut”, gehitu du, irribarrez.
Egitarau anitza
Ekitaldi ugari prestatu dituzte martxoaren 19rako Lezon. Esan bezala, bozkalekuaren irekierarekin batera dultzainero eta txistulari talde bat herritik ibili da. Musikarien ostean, dantzariak aritu dira. 14:00etan indarrez josi dira Tiñelu elkarteko bazkarian; 65 pertsona inguru elkartu dira bertan. Arratsalderako ere ez da planik falta.
17:00etan Iñaki Labakak kantaldia eskaini du, geroago, herriko komertzioek eskainitako sari banaketari hasiera emateko. 19:30ean, etxeko txikienek zezen suzkoaz gozatuko dute, eguneko azken ekitaldia izango dena.
Gaurko egunaren inguruko balorazioa egin nahi izan du Lezoko Gure Esku Dago-ren kidea Mikel Arrutik: “Jai-giro eta festa giro izugarria izan da gaurkoa”. Sentsazio “oso onarekin” eta “egitarauarekin pozik” geratu dira antolakundetik. Arrutiren esanetan, “adin eta pentsaera ezberdinetako jendea elkartzea” izan da beraientzat “garrantzitsuena”, eta “lortu dugula” uste du.
Oraindik ordu luze geratzen da galdeketa herrikoian bozkatu ez dutenek egin dezaten. Hurrengo orduetan emango dituzte Demoarso-tik herri galdeketako Lezoko —eta eskualdeko beste hiru udalerrietako— emaitzak.
Iñaki Labakaren emanaldia, arratsaldean, Gurutze Santuaren plazan