Normaltasunez joaten ari da bozketa eguna Oiartzunen. Herri galdeketaren antolatzaileek orain artekoaren irakurketa positiboa egin dute.
!3:00etan ekitaldia egin dute Doneztebe plazan. Giro polita sortu da bertan.
Bihar, 11:29an, hasiko da udaberria. Oiartzunen, baina, data horri aurreratu zaie. Izan ere, Oiartzungo Gure Esku Dago-ko kideek esana dutenez, gaur bildutako botoek, udaberriak bezala, “herri honi kolorea emango diote”.
Eguna, meteorologia aldetik ere, udaberri giroarekin hasi da. Eta mahaien osatze eta irekiera ere goxo joan da.
8.523 oiartzuar zeuden hautetsontzietara deituta, eta botoa aurrez eman dutenez gain, asko izan dira goizean goiz sei hauteslekuetako batera hurbildu diren oiartzuarrak. Dokumentu ofiziala (eta errolda agiria, kasuan kasu) esku batean, eta botoa gutunazal barruan bestean zutela hurbildu dira Altzibar, Arragua, Ergoien, Elizalde, Iturriotz edo Ugaldetxora.
Erabakitzeko eskubidea gauzatzearekin batera, oiartzuarrek izan dute beste hainbat jarduerekin gozatzeko aukera. Hainbat txirrinduzalek sei hauteslekuak lotu dituzte, bidegorria erabiliz. Plazan muxikoak dantzatu dituzte, goizean ere. Eguerdian erraldoiek, txistulariek, dantzariek eta, gonbidatu berezi bezala, hiru traktorek kalejira egin dute Beheko Plazatik hasita.
Kalejira Doneztebe plazan bukatu da, eta dantzariek saio txiki bat egin dute, Gure Esku Dago-ren abestiarekin. Jon eta Alaia Martin bertsolariek ere bertsoak kantatu dituzte. Giro ederra sortu da herriko plaza nagusian, txosna eta guzti. Bazkari autogestionatua ere egin dute bertan.
Duela minutu gutxi Elizaldeko bozkalekura iritsi dira nazioarteko begiraleak.
Duela momentu gutxi, Beira eta Etiam taldeek kontzertua ematen hasi dira eta bozkalekuak itxi ondoren, ekitaldia prestatu dute. Bertan aurkeztuko dute ostegunean egin zuten Erabaki Challenge-a.
Ilusioa nagusi
Arantza Manterola Oiartzungo koordinatzaileak gaurko egunaren irakurketa positiboa egin du. Alde batetik, parte hartze kopurua “oso txukuna” izaten ari delako, eta bestetik, oiartzuarren ilusioa zein prestutasuna “azpimarragarria” izan da. Orain arte dena “normaltasunez” joan dela nabarmendu du, nahiz eta goizeko arazo informatikoek prozesua pixka bat trabatu duten.
“Parte hartze datuek argi uzten dute jendeak baduela gogoa erabakitzeko eskubide hori aldarrikatzeko, eta oso garrantzitsua da”, azaldu du Manterolak. Horrela, biziki poztu du zailtasun fisikoak dituzten pertsonak botoa ematera ikusi izana.
“Zoritxarrez”, jarraitu du Manterolak, “balio juridikorik ez dauka gaurko herri galdeketak. Jendeak, hala ere, hau egiteko zegoen beharra ikusi du. Bai gazteek baita zaharrak ere”. Biharko egunari begira, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dutela ziurtatu du. Bitartean, oiartzuarrei dei egin die botoa ematen jarrai dezaten.