Gaztea izan arren, 36 urte, bi hamarkada luze bete ditu gitarra jotzen, hemendik hara. Errenteriarra izatez, baina Lezon bizi da. Gitarrista trebea izateaz gain, ahotsa jarri dio ‘Live in Iturriotz’ lanari.
Olmo Cascallar musikaria.
Larunbatean, etxean, Lezon aurkeztu zenuten azken lana, nola joan zen?
Oso ondo. Oso gustura aritu ginen. Muntai eszeniko berriaren aurkezpena genuen, diskoan azaltzen diren ilustrazioen moldaketa batzuekin. Argi bereziak ere jarri genituen. Proiekzio apropos horretarako, argien
set up bat ere prestatu dugu, kontzertuak ahalik eta erakargarrien egiteko. Goraino betetako kamioi batekin joan ginen Gezala auditoriora, eta primeran atera zen dena. Publiko aldetik, oso familiarra izan zen. Gehienbat harrera oso ona edukitzen ari gara. Hedabideetatik eta kritikoen aldetik ere oso iritzi onak iritsi zaizkigu.
Zertan datza Live in Iturriotz diskoak?
Lan hori kaleratu baino lehen,
Estepako otsoa diskoa genuen bakarrik. Hermann Hess-en eleberriaren inguruko disko kontzeptuala da. Hori egin genuenean estudioko proiektu bat izatea zen gure ideia, eta ideia horri buelta ugari eman genizkion. Aurreko bandarekin bukatu nuenean, nire asmoa izan zen ezagutzen nuen jendearekin lan hori zuzenera eramatea. Eta ez bakarrik zuzenera. Estudioko proiektutik harago eraman nahi nuen, eta zuzenean diskoa eta bideoa grabatu, estudiorik eta ehundaka errepikaldirik gabe.
Beti gustatu izan zaizkit
Live at Ponpeii Pink Floyd-ren diskoa, edo Radiohead-en
In Rainbows, zuzenean grabatukoa. Lortzen den emaitza askoz organikoagoa da. Guk geuk bihotz bihotzez egindako lana da.
Beraz, zuen Estepako otsoa, Itoizen Ezekiel-a da…
Bai, bai, eta beste disko asko bezala [barrez]. Pink Floyd-en
The Dark Side of the Moon bezala. Beti gustatu izan zaizkit disko kontzeptualak. Literatura eta rock progresiboaren zale amorratua naiz. Abestiak konposatzen hasi nintzenean ideia hori nuen. Komiki batetik garatu nahi nuen ideia. Geroago buelta batzuk ematen hasi nintzen, eta nire ideiak Herman Hessen eleberriarekin paralelotasuna zuela ohartu nintzen. Abesti bakoitzak liburuko atal ezberdinak islatzen ditu, hortik hartu ditugu euskarazko eta ingelesezko letrak egiteko oinarriak.
Diskoan ikusi daitekeenez, abesti bakoitzeko marrazki bat gehitu duzue. Zergatik?
Adibidez, hiru orrialdeko pasarte bat hartzen genuen bakoitzean, musika sortu eta bateria jotzaileari irudi bat marrazteko esaten genion. Protagonistak bere bizitzako amodioa lortzen duenean, pertsona bat neska bat besarkatzen azaltzen da, adibidez. Dena ildo berberetik doa azkenean. Eleberriko pasarteak musikatu eta marraztu ditugu, kontzertuetan orain arte eskaini ez dugun zerbait erakutsi ahal izateko.
Crowdfunding bidez lortu duzue diskoa ateratzea. Gaur egungo musikarien finantziazio bidea izan daiteke?
Crowdfundingari aspaldi bota genion begirada. Gauzak beste modu batera egiteko aukera ematen du, eta musikarientzat askatasun handiagoa izatea ahalbidetzen du. Babesa jaso genuen, bai. Lan hori guztia ordaintzeko beharrezko izan dugu crowdfundinga egitea. Oso kontent gaude finantzazio bide horrekin. Beti autogestioa erabili dugu diskoak kaleratzeko. Oso autonomoak gara lan egiterako orduan eta horrek gure eskuetan dugun lana ateratzeko aukera eman digu.
Bideoklipaz gain, pelikula batean ere ari zarete lanean Lander Garro oreretarrarekin…
Hori da, bai. Pelikula dagoeneko eskuragarri dago Vimeon. Crowdfundingean parte hartu dutenek lehentasuna dute azken lan hori ikusteko, baina denon eskura jarriko dugu. Egia esan, ez dugu bideoklip soil bat bezala ikusten. Zuzenean grabatutakoa da, diskorako abestiak grabatzen genituen bitartean. Bi toma egin genituen abesti bakoitzeko, eta bi saiakera horietatik atera dugu emaitza. Lagun askok esan didate eroak gaudela horrelako proiektu bat egiteagatik [barrez].
Gamora, Akelarre, Intoxicate, Criminal… Talde askotan aritu zara. Nolakoa izan da ibilbidea?
Aurten 20 urte egingo ditut oholtza gainean.
De regalado noala esaten dut askotan [barrez]. Beti musika zaletasuna egon da familian eta betidanik gustatu zait. Gaur egun badakigu musikaren egoera nolakoa den, eta beti pasio edo hobby bezala ikusi dut. Ordu asko sartu ditut honetan. Criminal eta Gamora bitarteko bost urte horietan ez nuen oporrik hartu, dena musikari eskaini nion.
Bide horretan, Kiss, Motorhead edo Slayer bezalako taldeen ondoan jotzeko aukera izan dut. Horrekin guztiarekin hasi nintzenean nolabaiteko estimulu bat behar nuela banekien. Azkenean, musikan hainbeste urte igaro ostean, askotan gertatzen den prozesu batetik pasatzen zara: disko bat egiten duzu, lanean hasten zara, eta hurrengo diskoa buruan duzu dagoeneko, beti jarraian, geldialdirik gabe. Orain arte egin dudana metala izan da, gehienbat. Estilo asko alde batera utziak izanik, horietan murgiltzeko gogo handiak nituen.
Kontatu Txileko Criminal taldean bizitutako esperientzia.
Imajinatu… Gamorarekin ari ginen orduan eta dena oso ondo zihoan. Anton Reisenegger —Criminal bandako abeslaria—nirekin kontaktuan jarri zen, eta beraiekin aritzeko proposamena luzatu zidan. Probatu nahi izan nuen, eta proba hori bost urtez luzatu zen [barrez].
Criminal bandarekin Ingalaterratik hiru bira egin ditut, zazpi edo zortzi festibaletan ere aritu naiz, Alemanian hiru bira —tartean bat propio busean egindakoa, han bizitza egiten— eta Txilen bost aldiz ibili naiz jotzen. Musikan zaletu bezala hasi nintzela, nire amets onenetan ere ez nuke pentsatuko hori egiteko kapaza izango nintzatekeenik. Beti izan dut hori argi. Ni musikazalea naiz, ez naiz musikaren profesional triste bat. Zortedun naiz gustatzen zaidan musika hori gustatzen zaizkidan musikariekin elkarbanatu dudalako
Hastapenetik hona, musika gustuak lasaitu direla dirudi…
Bai, zeharo. Hor heldutasun puntu bat dagoela esango nuke. Adin batetara iristean, orokorrean, aldaketak datoz. Euskal Herriko metalak zuen egoera eta nire nekezia pertsonalaren konbinazioa izan da. Zilegiago ikusi nuen jorratu ez nituen beste musika estiloetan sartzea. Amari beti esaten nion brometan, ‘lasai ama, 30 urterekin metalarekin bukatuko dut, eta gai psikodelikoekin hasiko naiz orduan’. 60 urterekin alkandora hawaiiarrarekin eta bluesa jotzen hasiko naiz [barrez].
Musika bakoitzak disfrutatzeko momentu zehatza du, bai zale bezala, eta bai musikari bezala. Aldatzeko unea iritsi zela ikusi nuen. Lehen ere Nova bandan abesten nuen eta urte mordoa abestu gabe pasatu ditut. Abeslari bezala berriro hasteko gogoa nuen. Metal disko bat egitea erraza zen guretzat, eta harago joan nahi izan dugu. Pianoak, ahotsak eta gitarra ezberdinak sartzea ez zen batere erraza, eta horrek ere esperimentatzeko gogoak eman zizkigun.
Hostoak taldearen ideia nola sortu zen?
Proiektu bezala hasi zen, Joxan Gonzalez bateria jotzailearekin elkartu nintzenean. Hostoak taldeko bostok lokal berberean entseatu dugu duela 7-8 urtetik. Denak betidanik ezagutzen gara, beti izan dugu harremana. Ondo ezagutzea gure alde zegoen gauza bat bezala ikusi genuen, denen alde on eta txar horiek ezagutzea. Gogoa nuen betiko lagunekin lan egiteko, alde batera utzita nituen estiloak berreskuratzeko, eta lagun artean disfrutatzeko. Guk geuk bihotz- bihotzez egindako lana da.
Definitu Hostoak-ek egiten duzuen musika.
Rock alternatibo progresibo bezala definitzen dugu. Alde batetik, progresiboaren kutsuak dituelako, baina bestetik, 1990eko hamarkadan egiten zen rock musika horrekin identifikatzen garelako erabat.
Rockeroa, metaleroa… Nola definitzen du bere burua Olmo Cascallarrek?
Musika ona baldin bada, ez dut inolako aurreiritzirik. Hamasei urte nituela Ingalaterrara joan nintzen lehen aldiz. The Prodigy-ren zalea nintzen eta
The Fat of the Land lanak liluratu ninduen, hura gozamen hutsa zen. Hamahiru urterekin denetarik entzuten nuen: Etsaiak, The Prodigy, Sepultura, Pink Floyd edo Wes Montgomery. Oso ekliptikoak gara bandako musikari denok. Baditugu gure banda kuttunak, baina orokorrean musikaren zale bezala definitzen gara.
Noiz eskuratu zenuen zure lehenengo gitarra?
11 urterekin gutxi gorabehera . Hamabi urterekin klaseak ematen eta jendearekin jotzen hasi nintzen. Gitarra hartu eta amodioa sortu zen [barrez]. Hogeita bat egunez bikotekidearekin oporretara joan nintzen hori izan zen gitarra bat eskuetan eduki gabe pasatu dudan denboraldi luzeena. Egun, gauzak bere osotasunean lantzea eta abesti biribilak egitea gehiago gustatzen zait. Azken kontzertuan abesti berri bat aurkeztu genuen, eta hunkitu zenik ere izan zen. Zerbait bihotzez egitea eta jendearen enpatia lortzea baino gauza politagorik ez dago, hori da musikaren funtsa.