Altsasuko gazteak Iruñeko auzitegian epaitzea eskatu du Oiartzungo Udalbatzak, martxoko plenoan. Gainera, zarata mapari hasierako onarpena eman diote.
Puntu guztiak aho batez onartu zituzten.
Arin joan zen martxoko plenoa. Atzo arratsaldean bildu zen Oiartzungo Udalbatza, hamar puntu aztertzeko. Tartean zen EH Bilduk aurkeztutako mozio bat, terrorismo delitua leporatzen dieten Altsasuko gazteei buruzkoa.
Nafarroako herriko alkateak Oiartzungo alkateari idatziz eskatu zion Altsasuko Udalak onartutako eskaerekin bat egin zezan. Horrela, gertaera horri dagozkion izapideak Iruñeko epaitegian egitea eskatzen dute, eskumena tokian tokiko epaitegiei dagokielakoan, eta ez Espainiako Auzitegi Nazionalari.
Nafarroako Parlamentuak baita beste hainbat erakundek ere eskaera bera egina dute. Horrez gain, elkartasuna adierazi die Oiartzungo Udalak, aho batez onartuta.
Hurrengo puntua mahaiaren gainean geratu zen. Arditurriko bidegorria finantzatzeko udalak eta aldundiak sinatu beharreko akordioari dagokiona zen. Alkateak azaldu zuenez, xehetasun batzuk falta dira, eta nahiago dute horiek lotu arte itxoitea.
Arizmendienea
Arizmendienea, Aialde kalean dagoen XVIII. mendean eraikitako etxea, kultur ondasun kualifikatu bezala izendatzeko eskaera egitea onartu zuen udalak. Herri erakundeei dagokie kultura ondasunak ezagutarazteko. Momentu honetan monumentu multzo izendatzeko ondasun higiezin bezala izendatuta dago. Etxea beraren balioaz gain, lorategiarena ere balioan jarri dute.
1999an Arizmendi familiarekin sinatutako hitzarmenari esker, udalarena da etxea orain dela lau urtetik. Kultura ondasun bezala kualifikatzea onartu zuten plenoan ziren zinegotzi guztiek.
Hondakinak eta zarata
Ingurumenari dagozkien bi puntu ere izan zituzten aztergai. Alde batetik, Gipuzkoako Hondakin Kudeaketaren iazko aurrekontua auzitara eramatea bertan behera uztea onartu zuten.
Eneritz Arbelaitz Ingurumen zinegotziak azaldu zuenez, aurtengo aurrekontua ere auzitara eramango dute, eta argudioak berberak izanik, aukera handiagoa dute aurtengoa osatzeko.
Beste puntua zarata maparen hasierako onarpena ematea izan zen. 10.000 biztanletik gorako udalerriek nahi eta nahi ez osatu behar dute. Bi puntuak ere aho batez onartu zituzten.
Gainontzeko gaiei dagokienez, Haurtzaro Ikastolak laborategia eta teknologia tokiz aldatu nahi ditu, eta obrak sortutako likidazioari hobariak jartzea aztertu zuten. Onura publikoko erakundea da ikastola, eta hobaria %95ekoa izatea onartu zuten.