Kirol Astearen barruko ekitaldiak egiten ari dira Oiartzunen. Kirola eta komunikazioaren munduko lau lagunekin mahai ingurua egin zuten atzo.
Emakumeen kirolak komunikabideetan duen espazioa aztertu zuten atzo.
Kirol Astea ari dira ospatzen, bigarrenez, Oiartzunen. Astelehenean Oihana Kortazar mendi lasterkariaren txanda izan zen. Asteartean, berriz, Aitor Francesena surflaria aritu zen.
Atzo, berriz, kirola beraz aritzeaz baino, kirola hizpide izan dutenei buruzko mahai ingurua egin zuten. Zehazki, emakumeen kirolak komunikabideetan duten presentziak aztertzeko lau lagun elkartu ziren bibliotekako bilera gelan: Olatz Mitxelena (Emarriko kidea eta komunikazio arloko profesionala), Mirari Martiarena (Oiartzun Irratia), Mikel Ibargoien (Info 7 irratian emakumeen kirolari buruzko saioa gidatu zuen) eta Ander Altuna (Euskadi Irratia). Dinamizatzaile lanetan Goiatz Labandibar kazetaria aritu zen.
Aurkezpenak egin ondoren, Ibargoienek onartu zuen emakumeek praktikatutako kirola modu positiboan diskriminatzen dutela. “Desoreka egoeran dago, eta tartea ematen diogu oreka hori bilatzeko”, zehaztu zuen.
Altunak, bere aldetik, jarraipenaren datuak jarri zituen mahai gainean. Horrela, informazio guztiaren %5 besterik ez da emakumeei dagokiena.
Gainera, pasa den udaran Rio de Janeiron egindako olinpiar jokoetan aurrera eramandako azterketa baten berri eman zuen. 160 milioi hitzeko lagina hartu zuen ikerlari talde batek. Kazetariak, gizonei buruz ari zirenean,
kemena,
indarra eta antzeko hitzak erabiltzen dituztela nabarmendu zuen. Emakumeen kasuan,
ezkongabea,
haurdunaldia edo
edertasuna bezalako terminoak ziren kazetariek gehien erabiltzen zutenak. “Formazioa behar da egoera horri buelta emateko”, esan zuen.
Emarri
Martiarenaren esanetan, emakumeen kirolean erreferenteak sortu behar direla esan zuen, eta eurek, Oiartzun Irratian, trataera berbera ematen dietela kirolari guztiei, izan gizon ala emakume.
Mitxelenak, bere aldetik, kirolari bezala bizitako egoera bat ezagutarazi zien Manuel Lekuonara hurbildu zirenei. Horrela, Emarrik Aian egindako proba batean kazetari batek galdetu zien ea noiz botako zieten gizonei erronka. “Momentuan erantzun nion ikusiko genuela. Baina, gerora, buelta batzuk eman nizkion galderari eta nire buruari galdetzen nion ea zergatik egin neurtu behar dugun gure burua gizonekin. Proba egin berritan kazetariari okurritzen zaio lehenengo galdera hori izatea ere…”, esan zuen Emarriko kideak.
Herri kirol talde horren komunikazio arduradun lanetan aritu zen Martiarena. Tonu umoretsua galdu gabe, jakinarazi zuen “esperientzia frustrantea” izan zela. “Perurenan proba bat egin genuen, eta hainbat komunikabideri gonbita luzatu genien. Medio lokalak bakarrik etorri ziren. ETBn ere atera ginen, baina eguraldiaren atalean, egun horretarako eguraldi aurreikuspena zein izango zen esanez”, azaldu zuen. Mitxelenak gogorarazi zion bezala, Perurenako probalekua, ironikoki, estalia da.
Betaurreko moreak
Labandibarrek galdetu zien ea kirol erredakzioetan desorekarik badagoen. Ibargoienek baietz erantzun zuen. Gaineratu zuenez, emakume bat erredakzio batean iritsi berri denean kirolari buruz dakiela erakutsi behar duela.
Martiarenak mutilen Realak Champions Leaguen jokatu zuenekoa kontatu zuen: “Akreditazioa eskatu genuen, Anoetako partida batera joateko. Prentsarentzako gunea gizonez beteta zegoen, eta prentsaurrekoan ez nuen galderarik egin. Oso txiki sentitu nintzen mundu maskulino hartan”.
Ildo horretan, emakumeen kirolari ematen zaion trataera aldatzeko “betaurreko moreak” jarri behar direla esan zuen. “Alferrik izango da kirol erredakzio bateko kazetari guztiak emakumeak badira, betaurreko morerik ez badute”, kexatu zen. Horrela, egun telebistan agertzen diren emakume kazetarien eredua oso jakina dela zehaztu zuen, eta kalkoak diruditela.
Mitxelenak, bere aldetik, emakumeen kirolarekiko interesa piztu behar dela aldarrikatu zuen. Gipuzkoako egunkari baten adibidea jarri zuen: “Eskoletako kirol partida guztien emaitzak jartzen ditu egunkari horrek. Nork esango luke horrek arrakasta izango zuenik? Bada badauka”.
Altunak, berriz, AEBetako eta Kanadako eredua esportatzea eskatu zuen. “Emakumeen kirolak jarraipen handia du han, jende asko joaten da ikustera. Gauza guztiak handik ekartzen baditugu, zergatik hori ez?”, proposatu zuen Euskadi Irratiko kazetariak.
Etorkizun iluna
Solasaldia bukatzeko, etorkizuna nola ikusten zuten galdetu zien dinamizatzaileak. Oso ezkor agertu ziren denak. Mitxelenak esan zuen negozio bat dela kirol kazetaritzarena, eta zaila izango dela aldatzea. Altunak autokritika egin zuen, aukeran kirol ugari izan arren, futbolari buruz bakarrik ari direla esan baitzuen. Gainera, erredakzioetan komunikazio planak egin behar direla gaineratu zuen.
Martiarenak lan egiten duen irratian pauso txikiak ematen ari dela nabarmendu zuen. Mitxelenak, bestalde, hizkuntza zaintzea eskatu zuen, eta bakoitzak bere alea jartzeko.
Kirol Asteak gaur jarraituko du. Xabier Erro mendi dokumentalek azken 35 urteetan izan duten eboluzioari buruz ariko da. Aurkezlea: Girizia Mendi Taldeko ordezkariak. Pleno aretoan izango da, 19:00etatik aurrera.
Bihar, ordu eta toki berean, Kirol Saria banatuko dute. Haurtzaro Atletismo Taldeko Periko Sanromak jasoko du, bere ibilbideari aitortza eginez (HITZAk biharko paperekoan landuko du gaia). Gainera, Oiartzungo kirolariekin mahai-ingurua egingo dute: Guruzne Azpiroz (arrauna), Julen Egiguren (surfa), Ekhiñe Rivas (txirrindularitza), Sanroma bera eta Andoni Ugalde (pilota). Mirari Martiarena ariko da dinamizatzaile lanetan.