Oiartzun eta inguruak ezagutzeko aukera egongo da Bizardiaren ibilaldian
Datorren igandean, hilaren 23an, Bizardia elkarteak urteroko ibilaldi neurtua egingo du. Plazan hasi eta Gurutzen bukatuko da, Jaizkibeldik pasata.
Urtero bezala, Gurutzeko Bizardia elkateak ibilaldia antolatu du aurten ere. Datorren igandean, hilaren 23a, izango da aurtengo biraren txanda. Oiartzun —eta inguruak— ezagutzeko aukera ona izango da. Zita 07:30ean jarri dute, Doneztebe plazan. Bertatik aterako da 38. ibilaldi neurtua, Urkabe aldera, eta Larrezabaleta atzean utzita, Arragua eta Lintzirindik pasako dira. Bi ordu pasatxo daramatzatela, Gaintxurizketako Elortegi erretegira iritsiko dira. Jaizkibelen gora igotzen hasiko dira, dorreetatik pasatuz, paradorera iritsi arte. Itsasoaren eta mendien bistekin gozatzeko aukera izango dute, eguraldiak errespetatzen badu. Beherako bidea hasiko dute gero: Alarguntzatik pasatu ondoren, Gaintxurizketa azpitik gurutzatuko dute. Usategietara iritsi eta handik Arkalera joko dute. Ibilaldia bukatzeko gutxi falta dela, erdi ezkutuan dagoen bunkerra bisitatuko dute —linterna eramatea gomendatu dute—. Bukatzeko, salda beroa eta pintxoak jateko aukera egongo da Bizardia elkartean bertan. Gurutzekoek mendi buelta polit batekin gozatu nahi duen oro gonbidatu dute iganderako.