Sartu
  • izan HITZAKIDE
  • nor gara
  • zozketak
  • eskaintzak
  • denda
  • hemeroteka
  • Albisteak
    • Gaiak
      • Aisia
      • Ekonomia
      • Euskara
      • Gizartea
      • Hirigintza
      • Ingurumena
      • Jaiak
      • Kirola
      • Kultura
      • Politika
      • Udala
      • Orokorra
    • Herriak
      • Errenteria-Orereta
      • Lezo
      • Oiartzun
      • Pasaia
    • Generoak
      • Albisteak
      • Editorialak
      • Elkarrizketak
      • Erreportajeak
      • Iritzia
      • Kronikak
      • Publirreportajeak
  • Agenda
    • Zerrenda
    • Hilabetea
    • Agendan parte hartu
  • Zozketak
  • Multimedia
    • Argazkiak
    • Bideoak
  • Eskaintzak
  • Denda
  • Nor gara
  • Argitalpen politika
  • Aniztasun politika
  • Pribatutasun politika
  • Cookieak
  • izan HITZAKIDE
  • nor gara
  • zozketak
  • eskaintzak
  • denda
  • hemeroteka
Sartu

Berasategi, bide urratzailea

Pasaia
Kultura

Juanba Berasategi zinemagile eta ilustraziogile sanjuandarrak arrastoa utzi du euskal zinemagintzan. Euskarazko lehen animazio filma zuzendu zuen, eta beste asko etorri ziren gero.

2017/05/05
Erik Gartzia Erik Gartzia
juanba berasategi tabakalera

Kalabaza tripontzia proiektatu zuten Tabakaleran. Aretoa txiki geratu zen Berasategik egindako lana aitortzeko.

Euskadiko Filmategiak, Donostiako Zinemaldiarekin batera, lehen animaziozko film luzearen emanaldia antolatu zuen pasa den asteartean, Donostiako Tabakaleran. Bertako zinema aretoko 229 eserlekuak ez ziren nahikoa izan bertaratutako ikusleei toki egiteko. Kalabaza tripontzia filma 1985ean zuzendu zuen Juanba Berasategi (Pasai Donibane, 1951-2017) gaur zortzi hil zen, minbiziak jota. Gipuzkoako hiriburuko eraikineko zinema aretoa bete zutenek, haren lehen lan luzea berriro ikusi zuten —lehen aldiz, haur batzuen kasuan—. Zinemagile eta ilustratzaile sanjuandarrari aitortza egiteko hurbildu ziren senide, lagun eta kultura munduko hainbat pertsona. Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek esaldi pare bat egin zituen ekitaldia aurkezteko. «Gu gara emanaldiaren antolatzaileak, baina zuek gidoigileak», esan zuen Fernandezek. Jarraian, hainbat proiektutan bidelagun izan duen Koldo Izagirre adiskideak testu intimo bat irakurri zuen, Berasategiren hurbilekoek inguratuta. Alboan, Jose Angel Lopetegik egindako ilustrazio bat [Hitzaren azala ilustratzen duena] eusten zuten bi lagunek.
‘Kalabaza tripontzia’ proiektatu zuten asteartean; aitortza xumea izan zen
Ondoren, bideo labur bat eskaini zuten. Alde batetik, bere ibilbidean utzitako lanen —edo  horietako batzuen— izenburuei errepasoa eman zioten bertan. Bestetik, 2013ko Zinemaldian, euskal zinemagintzaren egunean, Zinemira Saria jaso zuenekoan esandako hitzak bildu zituzten bideoan [ez zen sari bakarra izan; Abbadia eta Oarsoarrak sariak ere jaso zituen, besteak beste]. Segidan, «sasi guztien azpitik, hodei guztien gainetik» esateagatik satelite bihurtu zen narratzailearen filma eskaini zuten. Euskal animaziogintzan jada ikoniko diren Ttartalo, lamiak, Kukubiltxo, Galtzagorri eta beste hainbat protagonista dituen filma bukatuta, eta txalo zaparradaren ondoren, ondoko areto batera jo zuten. Bertan, Edu Elosegik —zinemagile sanjuandarrarekin lanean aritutakoa— prestatutako erakusketa ikusteko aukera izan zuten. Lau hamarkadako ibilbidea Euskarazko animaziozko lehen film luzea ez ezik, lehen film laburra ere zuzendu zuen sanjuandarrak: Ekialdeko izarra. Duela berrogei urte izan zen, eta Koldo Izagirre bera izan zen gidoia lantzeko ardura izan zuena. Segidan etorri zen Pernando amezketarra (1979), Ikuska 6 (1980) eta Kukubiltxo (1983). Orduan, Berasategik berak definitu zuen moduan, Euskal Herria «basamortu bat» zen animazioari zegokionez. «Ez zegoen batere esperientziarik, ez eskolarik ez eta libururik ere». Hala, kanpora irten —Paris, Londres…—, bertan zer zegoen ikusi, ikasi eta Euskal Herrian bueltan, hura egiten saiatzen ziren. Autodidakta zen sanjuandarra.
Sorkuntzan ez ezik, produkzioan indar handia jarri zuen Berasategik
kalabaza tripontzia

Kalabaza tripontzia (1985).

Bost urteko prozesu baten ondoren, Kalabaza tripontzia iritsi zen, Izagirreren gidoiarekin eta Luis Goia zenak ekoiztuta. Branka aldizkariari esan zion bezala, bere lehen film luze hark bazuen «halo erromantiko bat». Kuriositate bezala, pertsonaiarik gogokoena Galtzagorri zuen, «kabroia eta lehendabiziko esperimentu urbanoa» zelako. 1985eko Zinemaldian aurkeztu zuten, eta aipamen berezia jaso zuten. Ez zen marka txarra, modu ia boluntarioan egindako lan batentzat. Bere lankide guztientzako —baita senideentzako ere— esker oneko hitzak izan zituen Zinemira Saria jaso zuenean, taldekiderik gabe ezin baitzuen bere lana aurrera eraman. Bidea urratzen hasia zen jada, eta ondoren etorriko ziren titulu gehiago: Balearenak (1991), Sorkunde (1992), Sport Man (1992), Ahmed Alhambrako printzea (1997), Alhambrako giltza (2002), Pailazokeriak (2005), Barriola San Adriango Azeria (2008), Simplemente (2009), Tormeseko itsumutila (2012)… Pantaila handirako egin zuen azkeneko lana estreinatzear da: Nur eta herensugearen tenplua. Hilaren 27an estreinatuko dute Donostiako Antzoki Zaharrean, eta ekainaren 2an iritsiko da zinema aretoetara. Gainera, 1980ko eta 1990eko hamarkadatan jaiotako haurren artean arrakasta itzela izan zuten Pernando amezketarra, Lazkao Txiki eta Txirrita animaziozko telesailak ere zuzendu zituen. Horrez gain, konta ezin diren ilustrazioak egin zituen bere ibilbide luzean, hainbat esparrutan. Produkzioa eta herria 1992an, «egoerak behartuta», sortu zuen Lotura Films ekoiztetxea, eta ekoizleen hainbat elkartetan ibili zen. Duela hogei urte, beste hainbat ekoiztetxerekin batera, sortu zuen Ibaia Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea, eta elkartearen zuzendari izan zen, bederatzi urtez. Zuzendariorde izan zen ordutik duela hilabete bat arte. Produkzioari eskaini zion denbora asko, eta bere aldarrietako bat zen Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezkoen eta zinemagintza transferentzia lortzea.
Bere azken lan ‘Nur eta herensugearen tenplua’ ekainean estreinatuko dute
Hutsunea ez du euskal zinemagintzak bakarrik nabarituko. Bere herriko, Donibaneko, lagunen arabera, «oso jatorra zen, eta jende guztiari eskaintzen zion arreta». Herriko bizitzan oso inplikatua zegoen, eta hainbat gizarte eta politika saltsatan ibilia zen Berasategi. Azken urteetan, herriko jubilatuei aisialdiko ekintzetan laguntzen zien, eta inauterietan sanjuandarren aurpegiekin apaintzen zituen bere ilustrazioak. Konstantzia bandaren 200. urteurreneko kartelak ere bere sinadura du. Bere helburua euskarazko zinemagintza egin zitekeela erakustea zen. Eta erakutsi zuen, baita erakutsi ere. Kalabaza tripontzia-ko narratzaileak film ikoniko haren bukaeran esan bezala, «eta hala bazan, sar dadila kalabazan».  

Aitzindari izatea aitortu diote zinema munduko lagunek

Bere lanak iraungo badu ere, hutsune handia utziko du Juanba Berasategik bere hurbilekoen artean,baita euskal zinemagintzako erreferente bezala ere. Berasategik egin bezala, zinemagintzan aritzen dira Telmo Esnal (Zarautz, 1967) eta Asier Altuna (Bergara, 1969). Biak ala biak Pasaian bizi dira —Donibaneren beste aldean, San Pedron—. Gremio berekoak izanagatik, Esnal eta Altunak lagun bezala ezagutzen zuten sanjuandarra. «Zinemagintzan ibiltzeagatik baino, San Pedron bizi garelako ezagutzen genuen Berasategi», zehaztu du Esnalek.
«Beti borrokan ari zen: bultzatzen, zirikatzen, bideak irekitzen…» Asier Altuna, zinemagilea
Biak ala biak penatuta daude, sarri topatzen zutelako elkar. Berasategik sortutako Lotura Films ekoiztetxea Ategorrieta auzoan dago, eta bertatik Donibanera bueltan, San Pedron geldialditxoa egiten zuela gogorarazi du Altunak. «Berarekin beti proiektuei buruz hitz egiten genuen, elkarri gure proiektuen berri ematen genion. Banekien proiektu asko zeuzkala esku artean… pena handia da», esan du Altunak. Ildo horretan, informazio asko pasatzen zizkiela gogorarazi du Esnalek: «Ibaian zegoenez, beti oso enteratua egoten zen laguntzekin, eta jakinarazten zizkigun». Eurei ez ezik, zarauztarrak baieztatu du film laburrak egiten-eta ibiltzen zirenei ere laguntzen ziela. Esnalek «abenturero absolutu» bezala deskribatu du sanjuandarra. Onartu du eurek egiten dutena eta animazioa mundu zeharo ezberdinak direla. «Animazioa oso konplikatua da, gainera. Alde horretatik, esan daiteke kamikaze bat zela». Altunak, bere aldetik, gauza askotan aitzindari izatea aitortzeaz gain, batez ere «zirikatzaile bat» zela uste du. Sormeneko lanaz gain, produkzio mailakoa ere nabarmendu du bergararrak:?«Gu beste belaunaldi batekoak gara, eta berak egindako lana garrantzitsua izan da gaur egungo euskal zinemagintzak bere tokia bilatzeko». Horrela, Euskal Herriko zinemagintza industria bilakatzeko egindako ahalegina txalotu dio: «Ibaian egindako lana dago hor, ETBrekin lortutako hitzarmenak… eta beste hainbat esparrutan egindakoak».
«Oso informatua zegoen laguntzekin, eta beti jakinarazten zizkigun» Telmo Esnal, zinemagilea
Bere izaerak bultzatu zuen horretara. «Asko zor diogu bera zen bezalakoa izatea. Beti ari zen borrokan gizona: bultzatzen, zirikatzen, bide berriak irekitzen… Nik, egia esan, askotan ez nuen ulertzen. Bere jarduna zuen, bere ideiak zituen… baina oso atsegina zen berarekin topo egitea. Bere borrokak zituen eta beti adi entzuten genion», esan du Altunak. Sanjuandarra avant-la-lettre zegoen. Altuna: «Berak esaten zituen proiektu asko, azkenean, egin izan dira. Eta bai, arrazoi zuen». ‘Kalabaza’, mugarri Moriarti Produkzioak ekoiztetxeak Trintxerpen du egoitza. Bertako kide da Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976). Aitortu du Berasategirekin ez zuela harreman pertsonalik, lanekoa baizik. Asteartean Tabakalerako emanaldian izan zen. Bederatzi urte zituen Kalabaza tripontzia estreinatu zutenean, eta orduan gustatu zitzaion, baita egun ere. Lana berriro ikustea garai harekin «konektatzea» izan zen Goenagarentzat. «Euskal animazioan egin diren gauzen artean, bitxienetakoa izan zen. Iruditzen zait, ez bakarrik euskal errealitatearekin, baizik eta euskal kondairekin-eta lotura oso originala lortzen zuela», esan du. Kondairen garaia eta aro garaikidea ongi josten zituela zehaztu du.
«Sektorean oso maitatua izan zen, izaeragatik eta egin zuen lanagatik» Jose Mari Goenaga, zinemagilea
Filmak 32 urte dituen arren, gauza askotan «oso fresko» dagoela uste du. «Gerora egin diren animaziozko gauza asko, agian, Kalabaza tripontzia baino zaharkituagoak geratu dira», iritzi du ordiziarrak. Berasategik ateak zituela gaineratu du. «Espainiako Estatuan egin diren animaziozko filmen artean, urtero, bat edo bi, euskaldunak izaten dira. Eta hori niretzako dagoen ekimenaren seinale da. Aitzindari eta pizgarri Juanba Berasategi izan da». Zinemagintzaren sektorean «oso maitatua» zela adierazi du, «bere izaeragatik eta egin zuen lanagatik». Astearteko ekitaldian hala nabaritu zela ziurtatu du, baita ere 2013an Zinemira Saria jaso zuenean. Goenaga:?«Euskal zineman bere postua egina du, merezita».
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.

Harpidetu

Datuak ondo jaso dira. Eskerrik asko.

Izen-abizenak eta posta elektronikoa sartu behar dira.

Posta elektronikoak ez du formatu zuzena.

Arazo bat gertatu da eta ezin izan da izena eman. Jarri gurekin harremanetan mesedez eta barkatu eragozpenak (Akatsaren kodea:).

Agenda

Eguraldia

Iturria:tiempo.com

Azken 7 egunetako irakurrienak

 

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.

Harpidetu

Datuak ondo jaso dira. Eskerrik asko.

Izen-abizenak eta posta elektronikoa sartu behar dira.

Posta elektronikoak ez du formatu zuzena.

Arazo bat gertatu da eta ezin izan da izena eman. Jarri gurekin harremanetan mesedez eta barkatu eragozpenak (Akatsaren kodea:).

  • 943 34 03 30
  • oarsobidasoa@hitza.eus
  • Irun kalea 8, Errenteria-Orereta 20100
  • Nor gara
  • Argitalpen politika
  • Aniztasun politika
  • Pribatutasun politika
  • Cookieak
Babesleak:
Hasi saioa HITZAkide gisa

Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.

HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA

Zure kontua ongi sortu da.

Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.

Sartutako datuak ez dira zuzenak.
Zure kontua berretsi gabe dago.
 
 
 
(Pasahitza ahaztu duzu?)
 
 
SARTU
 
Pasahitz berria ezarri da eta zure helbide elektronikora bidali da.
Sartutako datuak ez dira zuzenak.
 
(Identifikatu)
 
 
 
 
BIDALI
 

Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea

HITZAkide izan nahi dut
Aldatu zure pasahitza
Pasa hitza ondo aldatu da.
 
 
 
 
 
 
 
Aldatu
 
Oraindik ez zara HITZAkide?

Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.

Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.

HITZAkide izan nahi dut

Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.