Oiartzun Kirol Elkarteko talde nagusiak Madrilen jokatuko du igande eguerdian. Atzetik dituen bi taldeek elkarren kontra jokatuko dute.
Pasa den asteburuan Realaren kontra ateratako hamaikakoa.
Oiartzuni bi partida falta zaizkio denboraldia bukatzeko, eta hurrengoa etxetik kanpo jokatuko dute. Zehazki, Rayo Vallecanoren zelaian ariko dira oiartzuarrak.
Rayo Vallecanok ez du ezer ere ez jokoan, pasa den jardunaldian lortu baitzuen Erreginaren Koparako sailkapena. Oiartzunentzako, berriz, jardunaldi erabakigarria izan daiteke. Atzetik dituen Tacuense eta Albacetek elkarren kontra jokatuko dute, eta ikusi beharko zein den partida horretako emaitza. Hori bai, talde urdinak bai ala bai atera beharko ditu puntuak.
Igandean izango da partida, 12:30ean. Madrilera joan ezin duenak, ETBren bitartez ikus ahal izango du.
Gainontzeko partidak
Oiartzungo gainontzeko taldeen partidei dagokienez, Erregional Ohorezko Mailako taldeak bihar jokatuko du Karla Lekuonan, Mondragonen kontra. 16:00etan hasiko da partida. Bigarren taldeak bihar ere jokatuko du, Ugaldetxoko zelai txikian. Ordiziaren kontrako partida 17:30ean hasiko da.
Areto futbolean, Oiartzunek Soloarte taldea jasoko du bihar arratsaldean. Elorsoron izango da partida, 17:30etik aurrera. Azkenik, Oiartzungo Saskilagunek Donosti Dolphinsen bisita jasoko dute, igandean. 12:00etan hasiko da partida.