Asteburuan saio bikoitza egingo du antzerki taldeak. Aurtengo ikasturtean Teresa Andonegiren zuzendaritzapean ari dira hamalau aktoreak.
Txinalka antzerki taldeko aktoreak.
Txinalka antzerki taldeak urteroko emanaldia eskainiko du datorren asteburuan. Thornton Wilderren
Our Town (Gure Herria) antzezlana prestatzen aritu dira.
AEBtan kokatuta dagoen Grover’s Corner fikziozko herria izan beharrean, Oiartzunera moldatu dute antzezlana. Ziurtatu dutenez, hainbat pertsonaia ezagunak egingo zaizkie hurbiltzen diren oiartzuarrei.
Hamalau lagunek osatzen dute Txinalka, eta hainbat figuranteren laguntza ere jasoko dute. Zuzendari lanetan, berriz, Teresa Andonegi ariko da. Eskarmentu handiko aktorea da, eta pasa den ikasturtera arte zuzendaria izan zen Edurne Agirrezabala ordezkatu du.
Asteburuan saio bikoitza egingo dute, udaletxeko pleno aretoan. Lehenengo emanaldia larunbat arratsean izango da. 21:00etan hasiko da antzezlana. Bigarren saioa, berriz, igandean izango da. 19:00etan hasiko da.