Oiartzungo Mecca estudioetan grabatu du bosgarren diskoa.
Iñaki Zabaleta abeslari eta musikagile oiartzuarrak (Bergara, 1949) bakarkako bosgarren diskoa kaleratu berri du. Ibar ixil batean izena jarri dio bere lan berrienari. Azaldu duenez, egindako ibilbidearen laburpen antzekoa da diskoa. Euskal bertso eta olerkiei musika jarri die Zabaletak.
Hamabi kantek osatzen dute diskoa, eta hazi eta hezi zen herriari —egun Donostian bizi da— dion atxikimendua adierazten die
Oiartzungo mendietan II eta Basarriren
Oiartzun zarrari kantuz kantuetan. Xabier Leteren
Neguan izan zen poema ere musikatu du Zabaletak.
Errefuxiatuen drama ere gogoan izan du abesti batean. Gainera, aurrez argitaratutako hiru abestiren bertsio berriak jaso ditu disko berrian (Jean Baptiste Elizanbururen
Apexa eta lorea, eta
Aingeru bati; baita
Erronkari kantuarena ere).
Diskoa autoekoitzia da, eta Oiartzungo Mecca estudioetan grabatu du. Juantxo Zeberio Etxetxipiak moldatu ditu abestiak. Azala, berriz, Manu Muniategiandikoetxeak diseinatu du.
Diskoa Oiartzunen bertan aurkeztuko du, uztailaren 8an egingo duten folk jaialdian. 18:30ean hasiko da kontzertua, Doneztebe plazan.
Ibilbide luzea
Bergaran jaio bazen ere, Oiartzunen hazi zen Zabaleta. Don Bosco ikastetxeko koruan hasi zen kantatzen. Herriz herri abesten hasi zen ondoren, eta Madrilen soldadutza egiten ari zela iritsi zen bere bakarkako lehenengo diskoa (
Euskal Herriko kantu zaharrak, 1974).
Etxera bueltatzean Oskarbi taldean aritu zen, eta hainbat diskotan parte ahrtu zuen.
Bakarkako lanak, berriz, honakoak ditu, 1974an argitaratu zuenaz gain:
Nafarroatik zehar (IZ, 1982);
Hemeretzi (Elkar, 1988); eta
Amodioa zer dan (IZ, 2002).