
Eremu publikoetako San Joan suak arautuko dituzte.
Urteko gaurik motzena bezala ezaguna dena iristeko bi aste pasatxo besterik ez dira falta. Gau horretan pizten diren suak arriskutsuak izan daitezke, gaizki kudeatuz gero. Sor daitezkeen kalteak ekidite aldera, Oiartzungo Udalak hainbat neurri hartuko ditu. Erakundeak jakinarazi duenez, suek ingurumenaren, gizakien eta ondasun publikoen segurtasuna bermatu beharko dute.
Horrela, eremu publikoetan suak piztu nahi dituztenek, hilaren 20ra arte izango dute baimena eskatzeko epea. Bakoitzaren egokitasuna aztertuta, baimena eman ala ez erabakiko du udalak.
Baldintzak
San Joan Egun bezperako suek hainbat baldintza bete beharko dituzte. Gehienez hiru metroko altuera izango dute, eta material solidoa bakarrik erre ahal izango da. Likidoak, pneumatikoak, olioak, plastikoak eta tresna elektrikoak ezingo dira erre.
Sua pizteko eremuak berak eraikin, linea elektriko, ibilgailu eta objektuetatik urrun egon beharko dute, eta ez dute zoladuraren gainean egon beharko.
Suaren pila astebete lehenago has daiteke —hilaren 16an—. Suak 20:00etatik aurrera piztu beharko dira, eta bukatzean itzalita daudela ziurtatu beharko da. Zalantzarik bada, Udaltzaingora dei daiteke (943 49 33 11).