Familien arteko jolasak eta bazkaria izan dira Euskal Egunean jende gehien elkartu dituzten ekitaldiak.

Familien arteko jolasek arrakasta handia izan dute.
Gaur, Pasai Antxoko San Fermin jaien barruan, Euskal Eguna ospatzen ari dira. Goiz-goizetik, etxeko txiki eta helduak kalera jaitsi dira, adin guztientzako egitarauaz gozatzeko prest. Familien arteko jolasak eta bazkaria izan dira jende gehien elkartu dituzten ekitaldiak.
6:00etatik aurrera, Diana, Bigantxak edota Galeper-tiroa egin dute Antxoko kaleetan barrena. 12:30etan iritsi da txiki zein helduek gogoz itxaro duten ekitaldia: familien arteko jolasak. Herriko Zumardian jendetza elkartu da, bederatzi talde ezberdinetan lehiatzeko. Taldeak guraso eta haurrez osatu dituzte. Edalontzia, zaku edota zapiren jokoak arrakastatsuak izan dira. Jolasen ondoren, Biteri plazako karpan, paella erraldoia prestatu dute, bertan elkartu diren ehunka lagunek tripak ondo bete eta arratsaldeko egitarauari aurre egin ahal izateko.