Aurten jokoan izan diren bi ligak, EuskoTren eta Emakumeen Gipuzkoako Liga, irabazi ditu San Juanek, nagusitasunez gainera.
Hibaikako kideak, DYA Bandera eskuan, atzo. Argazkia: Hibaika.
San Juan-Koxtapeko emakumeek aurten jokoan izan diren bi ligak irabazi dituzte. Abuztuaren erdialdean EuskoTren Liga bereganatu eta gero, asteburu honetan jada aurretik ia irabazia zuten Emakumeen Gipuzkoako Liga bere egin dute. Liga horretako azken estropada, DYA bandera, Donibaneko eremuan izan zen jokoan, atzo (igandea). Hibaikak irabazi zuen, erraz, azken bandera hori.
Izan ere, herrialdeko liga azken bandera horretan hasiera-hasieratik jarri ziren aurretik errenteriarrak, aurtengo sasoian maiz gertatu den bezala. Bigarren ziabogan, esaterako, bigarren zihoan San Juani zortzi segundoko aldea ateratzen zioten, eta hirugarrenari (Orio), 25ekoa. Bueltakoan, ordea, gogor eutsi zioten abantailari
Madalen ontzikoek, eta Bateleren erreakzioaren ezean, hamar segundoko aldearekin DYA Bandera Errenteriara joan zen.
Arrosek, doi-doi eutsi zioten bigarren postuari Orioren aurrean.
Hona lehen lauen sailkapena (sailkapen osoa
hemen):
- Hibaika, 10.35.00
- San Juan, 10.45.99
- Orio, 10.46.53
- Arraun Lagunak, 11.05.82
Liga
Batelereak, Gipuzkoako Ligako garaipena ospatzen, atzo. Argazkia: San Juan-Koxtape.
Emakumeen Gipuzkoako Ligak 13 jardunaldi izan ditu jokoan aurten. Horietatik 10etan izan da garaile San Juan, eta gainontzeko hiru banderak Hibaikarentzat izan dira. Orio beti izan da hirugarren.
Aipatzekoa da, ordea, liga horretako azken bi lehiak Hibaikak irabazi dituela, abuztuaren 15ean Ondarroan, eta atzoko DYA Bandera. Kontxari begira datu adierazgarria izan daiteke hori. Baina osteguneko sailkapen estropadan, uretan, ikusi beharko da lehenik nor dagoen hoberen urteko bandera garrantzitsuenari aurre egiteko.