Esti Bajo taldera itzuli da, Athleticen ibili ondoren (2015/2016 denboraldiko irudia).
Oiartzunek puntu bat urratuz hasi du Bigarren Mailako ibilbidea. Atzo eguerdian, bere publikoaren aurrean, jokatu zuten aro berriko lehenengo partida. Parean, mailara igo berria den Osasuna izan zuten arerio.
Partidako lehen minutuetan, nafarrek izan zuten baloiaren jabetza. Hala ere, ez zuten aukera handirik sortu, oiartzuarrak ofizioarekin aritu baitziren.
Atsedenaldiaren ondoren, lehia handiagoa egon zen, eta aukera gehiago sortu zituzten bi taldeek. Bisitariak aurreratu ziren, Izaskun Leozek buruz sartutako golari esker. Oiartzuarrek puntu asko galdu zituzten azken minutuetan, iazko denboraldian. Aurten ez da horrela izan: partidaren hondarrean lortu zuten berdintzea, Marina Agouesek botatako falta jaurtiketa bati esker. Datorren asteburuan jokatuko dute oiartzuarrek.
Aldaketa ugari
Oiartzuarrek Lehenengo Maila galdu zuten iaz. Horrelakoetan gertatzen den bezala, aldaketa ugari izan dira talde osoan, bai jokalariei dagokienez, baita
staff teknikoari dagokionez ere. Horrela, bederatzi jokalarik utzi dute taldea: Eztizen Merinok, Arene Altonagak, Oihana Aldaik, Silvia Ruizek, Irantzu Ibarrolak, Carol Gonzalezek, Joana Arranzek eta Esti Aizpuruak.
Baja horiek ordezkatze aldera, hiru fitxaketa egin dituzte (Esti Bajo Athleticetik; Uxue Garmendia Mariñotik eta Monik Valor Zarauztik). Baina harrobia izan dute hornitzaile nagusia. Guztira bost jokalari igo dira bertatik: Leire Rodriguez, Maria Granados, Ane Campos, Nekane Quiñones eta Ainhoa Rodriguez.
Talde teknikoari dagokionez,
Gurutze Fernandezek Gari Argote ordeztu du entrenatzaile nagusi bezala. Berarekin batera egongo dira Iker Calvo atezainen entrenatzailea, Gurutze del Ama prestatzaile fisikoa, Aitor Igartua delegatua eta Iñigo Olaizola.