
Erabakitzeko eskubidearen aldeko agerraldia Oiartzunen
Kataluniari elkartasuna eta babesa adierazi diote Oiartzunen. Demoarso galdeketaren sustatzaileek deituta, hamarnaka oiartzuar bildu ziren atzo arratsaldean Done Eztebe parrokia eta Donibane kalea lotzen dituen harmailen parean.
“Kataluniako herriak bere etorkizunari dagozkion erabakiak hartzeko libre denez, eskubide hori gauzatzeari gure babesa ematen diogu”, esan zuten. Herri guztiek bizikidetza eta oinarri demokratikoen gainean aurrera egiteko eskubidea dutela aldarrikatu zuten.”Horrela bakarrik eratu daiteke oinarrizko eskubideak babesten dituen sistema sozial bat”, gaineratu zuten.
Testuinguru horretan kokatu zuten urriaren 1ean egingo duten erreferenduma, eta Kataluniako parlamentua zoriondu dute. “Sendotasuna eta argitasuna opa dizkiegu bide horretan, bai bere herritarrei baita bere politikariei ere”, adierazi zuten.
“Asko sufritutako herria”
Kataluniako herriak azken bi mendeetan asko sufritu duela nabarmendu zuten. Galera batzuk zerrendatu zituzten: “Foruak galdu; gobernu legitimoa indar frankistek desegin eta bere lehendakaria exekutatu; murrizketa ekonomikoz eskubide sozialak indarrik gabe utzi. Baina euskal herritarrok Katalunian beti aurkitu dugu herri emankor bat, bere etorkizunarekin engaiatuta, bizia eta osasuntsua”.
Espainiako indar politikoen eta estamentuen erasoak arbuiatu zituzten. “Ez da berria egoera”, jarraitu dute, “baina onartezina da burujabetasunaren gainetik atzerriko indarrek euren proiektua inposatzea”. Katalunia bere etorkizuna erabakitzeko libre dela galdegin zuten, askatasunean eta kanpo eraginik gabe.
Horregatik guztiagatik, hilaren 16an Bilbon egingo den manifestaziora joateko gonbita luzatu diete oiartzuarrei. Autobusa 15:30ean irtengo da, ikastolako aparkalekutik. Izena emateko zerrendak Amazkar tabernan eta Garmendi txokolategian daude. Langileek 10 euro ordaindu beharko dute, eta ikasle eta langabetuek 8.
Beste deialdi baten berri ere eman zuten. Hilaren 23an Done Eztebe plazan elkartasun ekitaldia egingo dute.