Errenteriako Udalak Gerra Zibilean eta Frankismoan Errenteria-Oreretan gertatutakoa ezagutzeko ikerketa egitasmo bat jarri du martxan Aranzadi Zientzia elkartearekin.
Udalak egingo duen ikerketaren aurkezpen saioa Niessen-en.
Errenteriako Udalak 1938ko Gerran eta Frankismoan Errenteria-Oreretan gertatutakoa ezagutzeko ikerketa egitasmo bat jarri du martxan Aranzadi Zientzia elkartearekin. Atzo aurkeztu zuten Niessen aretoan. Julen Mendoza alkatea eta Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi Zientzia elkarteko kideak hitz batzuk izan zituzten bertaratutakoentzat. Ondoren,
Ele Lauaxeta-Lorca antzezlana eskaini zuten.
Azken egitasmoari, Udaleko talde politiko guztien oniritziarekin ekingo diote. 1936tik Frankismo bukaera bitarte, Errenteria-Oreretan gertatutakoa ezagutu eta plazaratu nahi dute, eta horretarako, ahozko zein idatzizko testigantza guztiak jasoko dituzte. Guzti hori, biktimei aitorpena, justizia eta erreparazioa eskaintzeko. Emakumeena da garai hartan gutxien ezagutzen zen errealitatea. Horregatik, emakume errenteriarrek bizitutakoa sakon ikertu nahi dute. Ikerketak, guztira, bi urteko iraupena izango duela aurreikusi du Udalak.
Julen Mendoza alkateak esan bezala, “guretzat, talde politiko guztientzat, egun garrantzitsua da”. Gogora ekarri ditu 2012 eta 2016an 1936ko desagertaraziak eta fusilatuak izan ziren Udal korporazioko kide eta langile guztiei egindako aitortzak. “Giza eskubideen urraketak pairatu dituzten pertsonen eskubidea bermatzeko”, Udalak “erreparazio politikak” egiteko ikerketa baliagarria izango dela ere gehitu du.
Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi elkarteko idazkari nagusiak edonolako testigantzak jasotzeko errenteriarren artean deialdia luzatu nahi izan zuen, ikerketa ahalik eta datu eta informazio osatuenekin egiteko. Egun, herritarrek etxeetan eduki ditzaketen pin, testu edota afiliazio dokumentuak udaletxean aurkezteko eskaera ere egin zuen.
Datozen bi hilabeteetan, 1936ko Gerra eta Frankismoarekin zerikusia duten hitzaldi ezberdinak egingo dituztela gogoratu dute.
‘Ele Lauaxeta-Lorca’ ikuskizuna.