Hastapen mailan eta aurreratuan eskainiko dituzte, adin guztietako pertsonei zuzenduta
Urriaren 2an hasiko da ikastaroa.
Elorosoro kiroldegiko rokodromoaren ohiko erabilerari beste batzuk gehituko zaizkio hasi berri den 2017/2018 ikasturtean. Eskalada ikastaroak emango dituzte urriaren 2tik aurrera.
Hastapeneko maila zein aurreratua eskainiko dituzte, adin tarteetan banatutako taldeentzako. 8 eta 12 urte bitarteko haurrek talde bat osatuko dute, nerabeek (13-17 urte) beste bat eta adin nagusikoek hirugarren bat.
Ordu eta erdikoa izango da saio bakoitza, eta astelehen eta asteazkenetan izango dira. Haurren taldea astelehenetan ariko da, 18:00etatik aurrera. Nerabe eta helduek astelehen eta asteazkenetan izango dituzte saioak, 19:30etik 21:00etara. Astean saio bat edo bi egiteko aukera izango dute bi talde horietakoek: hamar saioko ikastaroa, asteko saio bat izango denak, 75 euroko kostua izango du. Hogei saiokoak, berriz, 140 euro balioko ditu.
Gipuzkoako Mendizale Federazioak izendatuko ditu irakasleak. Izena emateko epea bihar zabalduko dute, hilaren 28ra arte. Interesa dutenek Elorsoro kiroldegitik pasatu beharko dute.