11 sagardo mota dastatzeko aukera egongo da datorren larunbatean, bazkariarekin batera
11 sagardo dastatzeko aukera egongo da.
Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoiaren hirugarren ekitaldia hilaren 8an hasi zuten, Ordizian. Lau finalaurreko jokatuko dituzte: larunbatean Andoainen jokatu zuten bigarrena, ostiralean Zarautzen jokatuko dute hirugarrena, eta azkena Oiartzunen izango da.
Karrikako Artaso elkartean izango da sagardo dastaketa, datorren larunbatean, hilak 23. Sagardoa edateaz gain, bazkaria ere emango dute. “Helburua lekua hartu, eseri, otordua jan eta sagardoa dastatu eta iritzia ematea izango da”, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak jakinarazi duenez. Sagardo guztiak —11, guztira— momentu berean egongo dira eskuragarri.
Honakoa izango da menua, bertako produktuekin osatutakoa: Basatxerri xerrak; txorizoa; urdaiazpikoa; entsalada mistoa; ajoarrieroa, tenperatura baxuan egositako arrautzekin; solomo burua eta irasagarra eta gazta.
Bazkari-dastaketarako txartelek 26 euroko prezioa izango dute, eta Artason edo Garmendi txokolategian eros daitezke.
E-posta bidez ere erreserba daiteke.
Finala hilaren 30ean jokatuko dute, Azpeitian. Txapelketan hemezortzi udalerritako 41 sagardogilek hartu dute parte.