Allerruren taldeetako bat Plazetan jokatzen.
Lezoko kirol elkarte eta klubek, irabazi asmorik gabekoek, diru laguntzak hilaren 29ra arte eska ditzakete. Lezoko Udalak ohartarazi duenez, eskaera egiteak ez du laguntza jasotzea bermatzen. Gainera, hainbat baldintza bete beharko dituztela nabarmendu dute.
Horrela, kirol elkarte edota kluben artean laguntzak banatzeko, hainbat irizpide kontuan hartuko dituzte: kirola udalarekin elkarlanean sustatzea; emakumeen parte hartzea; herritar guztiei zuzendutako jarduerak antolatzea; edo euskararen egoera normalizatzeko urratsak ematea.
Diru laguntzek honako jarduerak sustatu behar dituztela esan du udalak: herri partaidetza kirola, Euskal Herriko kirola, kirol modalitateen aniztasuna edo adin talde guztien parte hartzea sustatzea, besteak beste.
Dokumentazioa kultura sailaren bulegoan, kiroldegian edo
udalaren webgunean eskuratu ahal izango da. Aurkezteko, udaletxeko erregistro bulegora joan beharko dute klubetako ordezkariek.