Garagardo onak probatu nahi dituenak horretarako aukera izango du Lezon ostegunetik igandera. Bosgarrenez egingo dute Garagardo Festa.
Prestaketa lan betean ari dira Saldise inguruan.
Bihartik (osteguna) igandera izango da aurten Lezoko V. Garagardo Festa, Tiñelu elkarteak antolatuta. Buru-belarri dabiltza elkarteko kideak egunotan Saldise plazako festa eremua prestatzen. Orotara, hamabi garagardo klasez gozatzeko aukera egongo da, horietako bat Euskal Herrikoa,
Olañeta.
Edatekoaz gain, jatekorik ez da faltako. Ukondoa, saltxitxak, saiheskia, patata biziak, entsaladak, gaztak… Badago zer dastatu tragoska edaten den bitartean. Hau da, Saldiseko egonaldian egoki eta girotu egoteko aukera izango dute lezoarrek eta festa bisitatzen dutenek.
Festaren Facebook atarian informazio zehatzagoa dago.
Tito Labordeta festaren antolatzaile taldeko kideak HITZAri esan dionez, orotara, 200 laguneko lantaldeak egingo dio aurre ostegunetik igandera bertan izango diren guztiei: garagardoa eman, tiketak saldu, sukaldeko lanak, garbiketa, muntaia… “Festa egonkortu egin da. Aurten, bosgarrren ekitaldia izanda, jada ezaguna da festa hau bertakoentzat eta inguruko herrietakoentzat. Erreferentzia bihurtzen ari da. Jendeak urtetik urtera erantzun du, eta hori da aurrera egiteko dugun arrazoia.
Egunero, feriak berez dituen ezaugarriei bizitasuna emateko, musika emanaldiak eta bestelakoak egongo dira. Honakoa da, egunez egun, egitarau zehatza:
- Hilaren 28an, Denok errealarekin izenburupean ekingo diote jaiari; izan ere, Realak Europa Leagueko norgehiagoka du egun horretan San Petersburgoko Zenit taldearen kontra.
- Hilaren 29an, ostiralarekin, animazioa Jaixkipe txarangak jarriko du, bere doinu biziekin. Hurrengo egunean, 30ean, 21:30ean Traband taldeak joko du, eta 23:30etik 01:30era Son Pa Bailar-en txanda izango da.
- Igandean (urriak 1), giroa lezoarren esku geldituko da. Ziur jarriko dutela.
- Festaren eremua egunero 18:00etatik 00:30ak arte zabalik egongo da, hilaren 30ean (larunbata) izan ezik: egun horretan 02:30ean itxiko dute Saldiseko gunea.