Esparru askotan lanean ari diren herritarrek hartu dute parte agerraldian.
Agerraldi jendetsua egin dute gaur eguerdian Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastokian. “Tamalez, azken aldian guk nahi baino maiztasun handiagoarekin elkartzen ari gara Aitzolek [Gogorza] eta bere familiak pairatzen duen injustizia salatzeko”, esan dute, euskaraz eta gaztelaniaz, Eli Pescadorrek eta Lourdes Urangak, hurrenez hurren.
Gogorzaren askatasuna eskatzeko
pasa den uztailean egindako mosaikoa gogorarazi dute. “Kondena beteta eduki arren, Basauriko espetxean jarraitzen du; bere eta bere senideen giza eskubideak urratzen diharduten bitartean”, salatu dute.
Abuztuan, Kepa del Hoyo presoa espetxean hil ondoren, Mikel Arrietaren osasun egoeraren berri izan zutela jakinarazi dute. Arrietak 57 urte ditu, eta Algecirasen espetxeratua dago, Errenteria-Oreretatik 1.100 kilometro baino gehiagora. Hamazazpi urte daramatza kartzelan. Azaldu dutenez, orain dela zazpi urte hasi zen gaixotasun zantzuak izaten, baina espetxe aldaketen ondorioz, ezin zioten jarraipen mediku egokirik egin. Pasa den urtarrilean egin zioten diagnosiaren arabera, Arrietak espondilartropatia kroniko seronegatiboa du. Gaixotasuna larria, sendaezina eta degeneratiboa da.
Konponbide klabeetara
Gogorzak eta Arrietak gaixotasun ezberdinak dituzten arren, egoera bakarra dela ziurtatu dute bertan bildutakoek: giza eskubideen urraketa. “Gure ustez egoera bateraezinak dira espetxeko egonaldiarekin”, gaineratu dute.
“Etsipenera kondenatu nahi gaituzte, baina, herri honek aspaldi egin du konponbidearen aldeko hautua. Azken finean,aldarrikatzen duguna honako hau da: espetxe politika konfrontazio klabeetatik konponbide klabeen aldeko urratsak ematea, salbuespen neurriekin amaituz, non giza eskubide guztiak errespetatuak izango diren”, adierazi dute. Horregatik, deia luzatu diete herritarrei, ikusle izatetik protagonista izatera pasatzeko. “Bakoitzak bere eremutik ekarpenak eginez lortuko dugu giza eskubideen urraketarekin amaitzea eta Aitzol eta Mikel etxeratzea. Eta ziur gaude lortuko dugula!”.