'Iragana, lahar eta larrosa' antzezlana ekarriko dute Seguratik

Hilaren 28an taularatuko dute lana; 1923-36ko epea da antzezlanaren oinarria

iragan, lahar eta larrosa

Segurako antzerki taldea amateurra da [Argazkia: Goierriko Hitza].

Iragana, lahar eta larrosa antzezlana ekarriko dute hilaren 28an Oiartzunera. Herriko Gure Esku Dagok eta udalak antolatuta, Segurako antzerki taldeak jokatzen duen lana ikusteko aukera egongo da. Udaletxeko areto nagusian izango da saioa, 19:00etatik aurrera. Lourdes Imazek idatzi eta zuzentzen du antzezlana. 2010ean Itsasondoko Udalean aurkitutako akta batzuetan oinarritu dira antzezlana osatzeko: Espainiako II. Errepublikaren garaian, alkate batzuek Euskal Errepublika aldarrikatu zuten. Goierriko bi familia dira antzezlaneko protagonista. Ez da esplizituki esaten zein ideologiatakoa den bakoitza, baina biak ala biak dira abertzaleak eta erlijiosoak. Hala ere, badira haien arteko ezberdintasunak —familia bateko aita errepublikazalea da—. Antzezlana Primo de Riveraren diktadura hasi zenetik 1937ra arteko epean kokatzen da, II. Errepublikatik pasatuta. Antzezlanak irauten duen artean, orduko bizimodua eta testuingurua hobeto ulertzeko irudiak pasatuko dituzte. Lana fikziozkoa izan arren, ahalik eta zorroztasun historiko handiena izateko dokumentazioa landu dute. Sarrerak Iragana, lahar eta larrosa lana ikusi nahi duenak, sarrerak eros ditzake jada. Amazkar tabernan eta Garmendi txokolategian daude txartelak, sei euroren truke. Egunean bertan zortzi euroko prezioa izango du.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.