Azidoarekin erasotutako emakumeen egoera bertatik bertara ezagutuko dute; Indiako hiru emakume lagunduta egingo dute etxerako buelta, beren errealitatea hemen ezagutzera emateko.
Agrako Sherous Hangout kafetegiko emakumeak, Bekoz Beko elkarteak, Ikuska jaialdian eman zien sariarekin.
Asteartean abiatuko dira Bekoz Beko elkarteko Izaskun Barbier eta Cristina Agirrebeña Agrara, eta han
Sheroes Hangout proiektua bertatik bertara ezagutuko dute.
Azidoarekin erasotutako emakumeak biltzen dituen proiektu honek, ahotsa eman nahi die Indian erabat baztertuta bizi diren emakumeei, eta beren ahalduntze bidean, besteak beste, lana eskaintzen die.
Bekoz Beko elkarteko ordezkariak proiektuan lanean ari diren hiru emakumerekin elkartuko dira Agran, eta handik beraiekin itzuli dira, erasotutako emakumeek beren esperientziaren berri eman dezaten Euskal Herrian zehar.
Bekoz Beko elkarteko ordezkariek adierazi dutenez, beren helburua hirukoitza da: “batetik, Indian azidoarekin erasotutako emakumeek pairatzen duten egoeraren berri zabaldu; bestetik, emakume hauei pairatzen duten askotariko bazterkeria gainditzen lagundu, eta hirugarrenik, emakumeen arteko elkartruke aberats bat bizi”.
Hilaren 17tik 26ra
Rita, Rupa eta Soniya (hala dute izena Pasaiara heldu diren Indiako emakumeak) hilaren 17an iritsiko dira Euskal Herrira eta hilaren 26ra bitartean egongo dira bertan.
Pasaiako Udalak hilaren 18an egingo die harrera, 12:00etan, eta arratsalde horretan bertan Ikuskaren sari banaketan parte hartuko dute. Hilaren 19an, berriz, Albaola bisitatuko dute.
Hilaren 20an eta 21ean egingo diete harrera Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzan, hurrenez hurren.
Hitzaldiak ere emango dituzte, beren bizipenak kontatu eta Sheroes Hangout proiektuaren berri emateko. Pasaiako hitzaldia, hilaren 22an izango da, Antxon, eta Donostiakoa, hilaren 24ean, hiriburuko udaletxeko pleno aretoan.
Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, hilaren 25ean, Donostian egitekoa den manifestazio parte hartuko dute.