Oiartzungo mendizaleen elkarteak urtarrileko irteera egingo du, hilaren 28an; sagardotegian bazkalduko dute
Urteberrian egindako irteeraren ondoren, Egiluzera joango dira.
Urtea hasi berri da, eta Girizia elkarteko mendi sailak begi bistan ditu hurrengo jarduerak. Lehenengo irteera —Urteberri Egunekoa kenduta— hilaren 28an egingo dute, eta ez dira oso urrutira joango, Oiartzunen hasiko baita txangoa.
Done Eztebe plazan 08:30ean geratu dira. Handik, Karrika aldera joango dira, eta handik ibilbide hau egingo dute: Oianleku, Kauso, Uzpuru, Zaria, Iantziko lepoa eta Susperregi. Errenteria-Oreretako Egiluze sagardotegian bukatuko dute lau ordu eta erdiko ibilbidea —gosarirako denbora barne—. Sagardotegian bazkalduko dute, eta ondoren autobusean bueltatuko dira Oiartzunera.
Izena emateko epea zabalduta dago jadanik, eta hilaren 25ean itxiko dute. Izena eman nahi duenak Mendiburu kaleko txokolategira jo dezake. Bestela,
Internet bidez ere egin daiteke. 35 euro ordaindu beharko dira bazkariagatik eta autobusagatik.