Igande eguerdian oiartzuarrek argazki erraldoia egin nahi dute, hilaren 24ko manifestazioarekin bat egiteko
Hondakinak erraustearen kontra daudela erakutsiko dute igandean.
Hilaren 24an, Donostian, erraustegia gelditzearen eta hondakinen birziklatzearen aldeko manifestazioa egingo dute. Bertara joateko deialdia luzatzeko, argazki jendetsua egin nahi dute etzi eguerdian, Oiartzunen. Kastroko iturrian jarri dute zita, 13:00etan.
Donostiako manifestazioari dagokionez, 17:30ean hasiko da, Gipuzkoa plazatik,
Erraustegia gelditu! Birziklapena sustatu! lelopean. Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolatu du, eta hondakinen %80 birziklatzea posible dela aldarrikatuko dute. “Horretarako bitartekoak jarri eta borondatea izanez gero. Modu honetan zabor nahasi ugari sortzea ekidin genezake. Geratuko litzatekeen apurrarekin, errausketa ez den beste irtenbide bat bilatzea posible izango genuke. Eta ez, Gipuzkoan egin nahi duten bezala, erraustegi toxiko bat inposatu eta 35 urtetan ordaintzen egon behar izatea”, esan dute antolatzaileek.
Zubietako obrak gelditzea eskatuko dute, baita horren alternatiba ere: “Gipuzkoa osoan hondakin bilketa eraginkorra, tokian tokiko berezitasunetara moldatua, baina birziklagarriak eta konpostagarriak diren hondakin guztiak bildu daitezela”.