Oiartzungo Flauta Taldeak hamaseigarren aldiz antolatu ditu bi jaiak; hilaren 24an eta 25ean ospatuko dituzte bi ekitaldiak.
Flauta Taldeko Jose Luis Saizar, Iñaki Gurruchaga eta Josune Cousillas zinegotzia, Iñude eta Artzain Nagusi Aiora Aginaga eta Oihan Eskuderorekin.
Ihoteak eta inauteriak pasatuta, Oiartzunen bada festarako gogorik. Galdetu, bestela, Flauta Taldekoei. Hil honen azkeneko astebururako bi ekitaldi antolatu dituzte.
Alde batetik, hilaren 24ean, larunbata, kaldereroen konpartsa aterako da, eta biharamunean inude eta artzainen desfilea egingo dute. Flauta Taldeaz gain, herriko beste hainbat eragilek hartuko dute parte: Elizalde eta Haurtzaro dantza taldeek; danborradek; Erraldoien Konpartsak; Ibargainek; Ttak-ek; Auntxa trikitixa eskolak eta Lartaungo txistulariek.
Udalak, berriz, oiartzuar guztiak animatu ditu bi ekitaldietan parte har dezaten. Ahal izanez gero, parte aktibo izatea eskatu diete.
Larunbatean goiz eta arratsalderako egitaraua antolatu dute, eta igandean, berriz, goizez. Honakoa izango da egitarau zehatza:
Hilak 24, larunbata
- 11:30ean: Inude eta Artzain Nagusiei banda jartzea, iaz izandakoen eskutik. Udaletxeko pleno aretoan.
- 11:30etik 13:00etara: Haurrentzako jolasak, Doneztebe plazan.
- 18:45ean: Kaldereroen konpartsaren irteera, Aialde kaletik.
- 20:45ean: Zerra musikalaren kontzertua, udaletxeko pleno aretoan.
Hilak 25, igandea
- 09:00etan: Txistulari eta trikitilarien diana.
- 11:15ean: Inude eta artzainen desfilea. Honako ibilbidea egingo dute: Aialde, Doneztebe plaza, Landetxe plaza eta Madalensoro.