Aurten, asteburuarekin hasiko da kirola ardatz izango duen ekitaldi sorta, kirolak bertatik bertara ezagutzeko aukera gehiago egon dadin
Bihartik aurrera, kirola eta kirolarekin lotutakoak izango dira jaun eta jabe Oiartzunen. Hirugarrenez ospatuko dute Kirol Astea, herriko kirol eragileen lanaren bozgorailu izateko. Aurten, asteburura luzatu dituzte jarduerak, probatzeko aukerak areagotzeko.
Bihar, Eskola Kirolaren barruan, mendiko bizikletan ibiltzeko aukera izango dute. Arratsaldean ere BTTak izango du protagonismoa: lasterketa antolatu dute Txara parkean, 16:30etik aurrera. Pilotak ere izango du bere txokoa, Eskola Pilotaren barruan. Xistera erreminta ezagutzeko aukera izango dute ikasleek, Haurtzaroko pilotalekuan.
Ez dira bihar arratsaldeko jarduera bakarrak izango. Abaraxkak antolatuta, familiek egungo zein antzinako jolasekin gozatzeko aukera edukiko dute Done Eztebe plazan, 17:00etatik aurrera.
Igandean, berriz, Eskola Arteko XXXI. Mendi Ibilaldi Neurtua egingo dute.
Abittu eta elikadura
Astelehenean, nagiak kentzeko, Elorsoro kiroldegiko igerilekuak probatzeko ate irekien jardunaldia egingo dute, 08:15etik aurrera. Ez da eguneko ate irekien eskaintza bakarra izango: 13:30etik 20:45era, indoor txirrindak probatzeko aukera egongo da.
10:00etan, berriz, Abittu kirol orientazio zerbitzuaren aurkezpen irekia egingo dute, kiroldegiko bilera gelan.
Bazkaldu ondorenerako, berriz, gurasoentzako kafe tertulia antolatu dute, Abaraxkan. Elikadura osasuntsuaren garrantzia eta jarduera fisikoa egitearen beharra izango dituzte hizpide. Azkenik, Eskolako Pilota Txapelketa hasiko da, herriko bi ikastetxeetako pilotalekuetan.
Gainontzeko ekitaldiak ikusteko,
ikusi egitarau osoa hemen.