Touringeko bazkideek ezohiko batzarra izango dute gaur 19:30ean hasita Reina aretoan zentsura mozioa aztertzeko, eta klubaren etorkizuna erabakitzeko.
Touring Berria plataformak zentsura mozioa aurkeztu du Touringen egoera larriarekin kezkatuta.
Touringeko bazkideek ezohiko batzarra izango dute gaur 19:30ean hasita Reina aretoan. Batzar horretan, Touring Berria plataformak egungo zuzendaritza taldeari egindako zentsura mozioa aztertuko dute bildutakoek.
Zentsura mozioaren bidez, egungo zuzendaritza osoak gidaritza bertan behera uztea eskatuko du plataformak, “kirol elkartearen egoera larriaren aurrean, ezinbestekoa delako kudeaketa eredua aldatzea”. Aurrera egiteko, ordea, bertaratzen diren bazkideen bi herenen babesa jaso beharko du Touring Berria plataformak. Zentsura mozioak aurrera egitekotan, zuzendaritza batzorde berria osatuko duten kideak honakoak izango dira: Asier Yerobi Zapirain, lehendakari; Iñaki Oyarbide Arizmendi lehendakari orde; Joseba Etxeberria Gerendiain, diruzain; eta Juan Carlos Arbelaitz Villaquiran, Andoni Ayestaran Razquin, Juan Manuel Alvarez Martin, Francisco Javier Guemes Hilera, eta Santi Viejo Fernandez, bokalak.
Batzarra, luze joango dela aurreikusi daiteke, egungo zuzendaritzak eta Tourig Berria plataformako kideek beren proiektuak aurkeztu eta babesteko tartea izango dutelako lehenik,bazkideen galderak helduko dira ondoren. Azalpenen ostean helduko da bozkatzeko unea, eta orduan jakingo da Touring Kirol Elkartearen gidaritza egungo zuzendaritzak mantenduko duen edota Touring Berria plataformak nahikoa ilusioa sortu eta babesa bildu duen.
Momentuz, Touring Kirol Elkarteko
Futbol Eskolako gurasoen babesa erabatekoa jaso du Touring Berria plataformak. hala erakutsi zuen gurasoen batzarrak pasa den astelehenean Touringen egoitza den Fanderiako harmailetan. 100 haur ari dira gaur egun futbol eskolan, eta gurasoen artetik, 149k babesa erakutsi diote plataformari.
Azken hitza, bazkideek dute.