Maiatzaren 2tik 11ra arte izango da zabalik Errenteria-Oreretako Uztargi (Alaberga) eta Goialde (Agustinak) Haur Eskola Publikoetan izena emateko epea.
Etxenike, Lopez de Etxezarreta eta Zaragozano Utzargi haur eskolaren kanpoaldean.
Maiatzaren 2tik 11ra arte izango da zabalik Errenteria-Oreretako Uztargi (Alaberga) eta Goialde (Agustinak) Haur Eskola Publikoetan izena emateko epea. Horrela jakinarazi dute Garazi Lopez de Etxezarreta Hezkuntza zinegotziak, eta Itsaso Etxenikek eta Nere Zaragozanok, Goialde eta Uztargi Haur Eskoletako koordinatzaileak, hurrenez hurren, gaur egin duten agerraldian.
Maiatzean zabalduko dute izena emateko epea, baina aurretik, hilabete honetan bertan (hilaren 24ean) ate irekien jardunaldia egingo dute biek 16:30etik 18:00etara interesa duten 0 eta 2 urte arteko haurren gurasoek bi haur eskolak eta bertan lanean ari diren profesionalak ezagutzeko, lehen eskutik. Eusko Jaurlaritzak ezarritako ratioen arabera, 0-1 urtekoen gelan zortzi haur dituzte, eta 1-2 urtekoen gelan, hamahiru.
Goialde haur eskolan bi gela dituztela azaldu du Etxenikek, “etxeko giroa, familiartekoa bermatzen dugu bertan”. haur eskola ondoan aparkatzeko arazorik ez dela izaten gaineratu du, “eta hortaz, gurasoek ez dute presaka ibili behar, autoan joaten badira ez dutelako arazorik izaten hura uzteko”. Hezitzaileak etengabe formatzen ari dira bi haur eskoletan, eta haurren mugimendu librea errespetatzen dute. Bazkaria etxetik eraman dezakete gurasoek haurrarentzat, edota eskolak eskaintzen duen catering zerbitzua erabili.
Uztargik, berriz, bost gela ditu, baita belarguneak ere eta Goialden bezala, “haurraren ongizatea” dutela lehentasun zehaztu du Zaragozanok. Aparkatzeko erraztasunak agian ez, baina sukalde badu Uztargik, ez nolanahikoa gainera. Sukaldaria egunero izaten da bertan eta janari ekologikoa prestatzen du. Aurreko urteetan bezala, Errigoraren kanpainarekin bat egin, eta bertan eskaintzen duten olio ekologikoa erosi du Uztargik urte osoko haurren bazkariak prestatzeko.
Ordutegia bietan 07:30etik 17:00etara da. Bietan euskaldunak dira langile guztiak, bai hezitzaileak, baita sukaldaria ere Uztargiren kasuan, “hizkuntza oinarrizkoa delako guretzat”, eta “kalitate ona” nabarmendu du Lopez de Etxezarretak. Uztargin zein Goialden bi hezitzaile daude etengabe haurrekin, eta horiek dira haurrei jaten ematen dietenak eta lotarazten dituztenak.
Lopez de Etxezarretak, Etxenikek eta Zaragozanok gurasoak herriko haur eskolen alde egitera animatu dituzte: 22017an jaio diren 334 haurren etxeetara bidali du esku. orria udalak, gurasoek Uztargi zein Goialde haur eskolen eskaintza zuzenean ezagutu dezaten. Zerbitzu publikoak dira, euskaldunak eta kalitate ona bermatzen dutenak”.