11,6 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek Herriko plazatik 10:00etan abiatuta, eta Bizarain mendian amaituko dute.
Xabier Lukin, helmugara iristen iazko lasterketan. Bera izan zen irabazlea eta emakumeetan, Nerea Amilibia zarauztarra.
San Markorako Igoera Mendi Lasterketa Javier Garcia Larrañaga Memoriala egingo du igandean EAT Errenteriako Atletismo Taldeak, bosgarrenez. 11,6 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek Herriko plazatik 10:00etan abiatuta, eta Bizaraingo mendirik ezagunenak inguratuko ditu, mendi horretan amaitzeko. Mendi lasterketak 600 metroko guztizko desnibel metatua du.
Hamasei urtetik gorako kirolariek parte hartu ahal izango dute lasterketan, fitxa federatua izan ala ez, eta gehienez 300 parte hartzaile onartuko ditu antolakuntzak. Izena eman nahi dutenek, larunbatera arte (hilak 21) izango dute aukera Kirolprobaken web orrialdean. Izen emateak 15 euro balio ditu. Arropa irteeratik helmugara eramateko zerbitzua jarriko dute antolatzaileek. 10:00etan aterako da azken hori, eta bidean, hiru anoa postu izango dituzte lasterkariek jatekoak eta edatekoak hartu ahal izateko.
Dortsalak, bestalde, lasterketaren egunean bertan banatuko ditu EATk, 08:00etan hasita, Errenteriako udaletxeko arkupetan. Lasterketa amaituta egingo da sari banaketa, lehenengo hirurek garaikurra jasoko dute, baina korrikalari guztiek izango dute saria.