11 orduko bidaiaren ondoren, merezitako harrera jaso dute Karaezen

Redadegera joandako 24 oiartzuarrei harrera instituzionala egin diete Bretainiako herrian; bihar parte hartuko dute lasterketan

redadeg karaez oiartzun

Aiako Harria agertzen den koadroa oparitu diote Karaezeko Udalari.

Redadeg bretoieraren aldeko lasterketan parte hartuko duen espedizioa Karaezen da. Atzo arratsean, 22:00etan, irten ziren Oiartzungo Beheko Plazatik, ikurriñak eta Bretainiako banderak hartuta. Gaur goizean, 09:15 inguruan, iritsi dira Oiartzunekin senidetuta dagoen herrira. 11 orduko bidaiaren ondoren, gosari eder batekin jaso dituzte. Ondoren, modu formalago batean egin diete harrera. Karaezko udalak, Christian Troadec alkatea buru zutela, harrera instituzionala egin diete, diwaneko (eskolak bretoieraz ematen duen eskola) aterpean. Oiartzuar askok ezagutzen dute aterpetxe hori. Oiartzungo Udalaren izenean, Josune Cousillas eta Domi Azpiroz zinegotziek euskaraz eta frantsesez, hurrenez hurren, agurtu diete. Ondoren, bazkaltzeko denbora hartu dute, herriko kanpinean, eta gaur Karaezen ibiliko dira. Indarrak gorde beharko dituzte biharko. Izan ere, Redadeg-en parte hartuko dute. Oarsoaldeko AEK-k eta Oiartzungo Udalak 1554 eta 1555 kilometroetan lekukoa hartuko dute. Eguerditik ordu erdi pasa direnean hartuko dute lekukoa. Gauean, berriz, Senidetza Batzordearen (21:56ean; 1645 kilometroa) eta Haurtzaro Ikastolaren (22:39an; 1652 kilometroa) txanda izango da. Larunbatean bukatuko da Redadeg, Plougernen, eta AEK-k eramango du lekukoa.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.