Metala berriro nagusi izango da Ergoienen, Pagoametal Festi esker

Aski da, Mosh eta The Broken Horizon taldeek kontzertua eskainiko dute larunbat gauean, bertako musika aretoan

mosh pagoa

Azkoiendik hurbilduko dira Mosh taldekoak.

Ergoiengo Uztapide plazak Urtxale izena ere badu, hango burdinolaren jardueraren oinordeko bezala. Bihar gauean —larunbata, hilak 2—, metala berriro nagusi izango da auzoan. Beste mota bateko metala: musikala. Pagoa kafe antzokiak Pagoametal Fest musika jaialdia antolatu du hiru talderekin. Taldeetako bat ondoko herritik etorriko da: Aski Da. 1992an sortu zen, eta urte askotako etenaldiaren ondoren, orain dela sei bueltatu ziren sorreraren hogeigarren urteurrena ospatzeko. Beste bi taldeak Nafarroatik etorriko dira. Alde batetik, The Broken Horizon. Iruñean sortu zuten, duela ia hamar urte, eta aurten atera dute lehenengo diskoa. Bestetik, Mosh taldea. Azkoiendarrak dira, eta El Filo diskoa aurkezteko bira egiten ari dira. Kontzertua 22:00etan hasiko da, eta hiru euroko prezioa izango du sarrerak. Beraz, txupa beltza armairutik atera nahi duenak, badaki nora jo. https://www.youtube.com/watch?v=PNutF2UNnHQ
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.