Ander Iñarra Suitzako 49 kilometroko lasterketan izan da laugarren, Munduko Kopako zortzigarren proban. Sailkapen nagusian aurrean dabil lezoarra.
Ander Iñarra (erdian) Suitzako lasterketa bukatu ostean. Argazkia: Skyrunner World Series.
Larunbatean jokatu zen mendiko lasterketetako Munduko Kopako zortzigarren proba, Suitzako Zermatt komunako eski estazioaren inguruko mendietan: Matterhorn Ultraks zuen izena lasterketak. Bertan, Ander Iñarra lezoarra laugarren izan zen. Irabazlea Martin Anthamat suitzarra izan zen, bigarren Marc Casal (Andorra) eta hirugarren Genis Zapater (Katalunia). Euskal Herriko selekzioko kide da Iñarra.
Skyrunners World Series-eko (Munduko Koparen izen ofiziala) zortzigarren proba izan zen larunbatekoa. Bertan egin zuten lana: 49 kilometroko bidea, 3.600 metroko desnibel positiboarekin. Iñarra pozik azaldu da egindako lanarekin, izan ere Munduko Kopan lortu duen posturik onena izan baita. “Orain arte egindako lasterketarik luzeena izan da. Indarrak ondo neurtuz, asko disfrutatu dugu lasterketaz, parajeetaz…”, esan du Iñarrak bere Facebook atarian.
Suitzako proba aurretik, Munduko Kopako bederatzigarren postuan zihoan lezoarra, hain justu, Kilian Jorneten aurretik. Atzo (igandea), ordea, Munduko Kopako beste proba bat egin zuten Italian, bertan Jornet izan zelarik garaile. Horrek sailkapen nagusi horretan aldaketak ekar ditzake.