Play offaren ostean San Juan B KAE2ra jaitsi da. Hibaikak oraindik aukerak ditu TKE Ligarako pasea ontzi galiziarrek ez badute lortzen.
Hibaikakoak aurtengo Igartza banderaren estropadetako batean. Argazkia: JUAN ORERETA
Dena eman du Hibaikak, baina atzo Pasaian jokatutako play-offaren bigarren saioan ez zuen lortu mantentzea. Bi postu ziren KAE n eta momentuz, soilik Santoñak ziurtatu du horietako bat. Bestea, Camargo edo Hibaikarentzat izango da, baina Kontxako estropadaren ondorengo asteburura arte ez da jakingo bi ontzietatik zein arituko den hurrengo denboraldian KAE 1 Ligan. San Juan B KAE2ra jaitsi zen atzoko estropadaren ostean. Santoñak 8 puntu jaso zituen sailkapen orokorrean, bosna Camargo eta Hibaikak, eta 2 puntu San Juan B ontziak.
Alex Orena Hibaikako entrenatzaileak, ez dagoela orain errenteriarren esku KAE 1 Ligan mantendu edo KAE 2ra jaistea azaldu du: “Play offaren ostean Sant0ñak baino ez du postua bermatua. TKE ligara begira gaude orain”. Izan ere, Galiziako ontzietako batek lortuko balu TKE Ligara igotzea [Meira eta Ares sailkatu dira lehenengo eta bigarren Galizian], KAE 1en dagoen postu hori Camargorentzat litzateke. TKEra igo edota bertan mantentzeko play offean San Juan A, Astillero eta Isuntza ontziak arituko dira Galiziakoekin batera, ” San Juan A, Astillero eta Isuntzaren artetik bik lortzen badute TKEra igotzea, Hibaikarentzat litzateke KAE1eko bigarren postu hori. San Juan A mantenduta beste biak igotzen badira ere, gurea litzateke plaza hori”.
Atzoko estropadaz mintzatu da Orena, eta penaz bizi izan zutela nabarmendu du: “Hirugarren ziabogara arte oso ondo joan ginen eta azken momentuan ez genuen asmatu, sei segundo galdu genituen. Ez genuen olaturik harrapatu, kontzentrazio falta agian… pena izan zen estropada guztian denbora onak lortu genituelako. Horrelakoa da kirola, zer egingo diogu”.
Kontxaren osteko asteburuan jokatuko dute play offa Meira, Ares, San Juan A, Astillero eta Isuntzak Portugalete eta Bermeon, “guk itxarotea baino ez dugu, jada ez dago gure esku. Galiziako ontzietako batek lortzen badu TKE Ligara igotzea, KAE2ra jaitsiko gara”.