Langileen ordezkariak irregulartasunak salatu dituzte azken deialdi publikoetan.
Azken lan poltsak bertan behera uzteko eskatu du publikoki Portu Agintaritzako langileen batzordeak. Zehazki bi deialdietan salatu dituzte irregulartasunak: Kalitate Sistemaren Arduradunaren hautaketarako deialdian, eta Portuko Eragiketa eta Zerbitzuen Teknikariarenean.
Sindikatuek salatu dutenez, langileen ordezkariak epaimahaitik kanpo utzi dituzte nahiz eta portuetako legeak kontrakoa agindu. Zehaztu dutenez, epaimahaian zuzendaritzako bi kide egon dira, eta hirugarren lagun bat zuzendaritzak berak hautatua. Horrez gain, susmagarri iruditu zaie hautaketa prozesurako enpresa berri bat kontratatu izana, eta hautagaiak azterketak Bilbon egin behar izana.
Zehaztu dutenez, kalitatearen arduradun lan poltsarako 37 lagun hautatu zituzten, eta horietatik lau baino ez dira geratu lan poltsan, gainontzeko denak azalpenik gabe kanpo utzita. Deialdia hiru lanpostuetarako da. Portuko Eragiketa eta Zerbitzuen Teknikariaren deialdian, berriz, lan poltsarako 25 lagun onartu zituzten, eta horietatik soilik hiru utzi dituzte lan poltsan.
Horrez gain, hautagaiei galdera bakar bat euskaraz egin ez izana salatu dute, lanposturako EGA edota haren baliokideak beharrezkoak direla kontuan hartuta.
Deialdiaren lan poltsa izaera kontuan hartuta langileen ordezkariek uste dute hautagai gehiagok eduki beharko luketela lekua zerrendan, eta, era berean, merituak eta esperientzia ez barematu izana salatu dute.
Deialdiaren gaineko susmo txarrak salatu zituzten sindikatuek orain baino lehen, Felix Gartziandia Agintaritzako presidente kargua hartu berritan aurreko deialdia bertan behera utzi zuenean. Susmoak berretsi direla uste du orain langileen batzordeak, eta hori dela eta bat egin dute hainbat hautagaiek aurkeztutako helegiteekin.