Zauden tokian zaudela, GPSak AEK euskaltegi bat markatuko du

Oarsoaldeko AEK-k 2018/2019 ikasturterako matrikulazio kanpaina aurkeztu du Oiartzunen, 'Zu hemen zaude, AEK ere bai' lelopean

aek 2018/2019

Oiartzungo Done Eztebe plazan elkartuko eskualdeko AEK-ko kideak.

Oarsoaldeko AEK-k 2018/2019 ikasturterako matrikulazio kanpaina aurkeztu du gaur, Oiartzunen. Intxixu, Xenpelar, Txirrita eta Oroitzene euskaltegietako arduradun eta irakasleek gogorarazi dute AEKren euskaltegiak hurbil daudela. “Ehun euskaltegi baino gehiago daude Euskal Herri osoan. Oarsoaldean, hain zuzen ere, lau euskaltegi dituzu etxetik gertu: Pasai Antxon, Lezon, Oreretan eta Oiartzunen”. Lau lokalizazio puntu erabili dituzte horiek irudikatzeko. Euskara landu edota ikasi nahi duen bakoitzari hurbilen duen euskaltegira hurbiltzeko deia egin dute. “Urtero bezala, euskara praktikoa ikasteko eta lantzeko aukerarik onena eskainiko dizugu, eta lortuko duzu etxeko eta inguruko harremanak euskaraz izatea, lan egoera hobetzea, bilatzen ari zaren euskara maila eskuratzea…”, esan dute. Eskaintza oparoa Ohiko eskola formatuez gain, AEKn bestelako eskaintza aurki daitekeela gogoratu dute: autoikaskuntza, merkatarientzako ikastaroak, langabetuentzako trinkoak, mailak egiaztatzeko ikastaroak, erabilera areagotzeko jarduerak, Mintzalaguna, Aizu! aldizkaria… Nabarmendu dutenez, euren metodologia erabileran oinarrituta dagoela: “Gurekin lortuko duzu euskara ikastea edota hobetzea, baita mailak egiaztatzea ere; baina horretaz gain, zure egunerokoan euskararen erabilera areagotzea lortuko duzu”. AEKn argi dute helburu nagusia erabiltzea dela. “Euskaraz bizitzea, azken batean”. Euskararen GPSa jartzeko epea iraila osoa izango da, orduan matrikula daitekeelako. “Gertuen duzun euskaltegian zure zain izango gara, zu zauden lekuan, AEK ere badago eta!”.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.