49 ekitaldi prestatu dituzte bukaerara arte; haurrentzako zinema, literatur lehiaketa edo antzezlanak dira eskaintzetako batzuk
Zurutuza, Val, Martiarena eta Espina.
Lezoko Udalak, hirugarren urtez, Udazken Kulturala aurkeztu du. Tomas Garbizu Musika Eskolak, Andreone liburutegiak eta udalaren Kultura Sailak antolatutako ekitaldi guztiak egitarau bakar batean batu dituzte aurten ere. 49 jarduera egingo dituzte atzotik hasi abenduaren 31ra arte. Liburuxka batean jaso dute egitaraua.
Xanti Val Kultura teknikariak hiru alde nabarmendu ditu. Alde batetik, jauzia eman dutela formatuan: zerrenda deskriptiboa bakarrik izan beharrean, informazioa erantsi dute. Bestetik, ekitaldiak motaren arabera ordenatu dituzte, ez modu kronologikoan, “hobe identifikatzeko”, Valek esan duenez. Hirugarren eta azkena da hizkuntz irizpidearena: ia eskaintza guztia euskaraz izango da.
Haurrak, nagusi
Antolatu dituzten ekitaldien erdia baino gehiago haurrei zuzendutakoak izango dira. Azaldu dutenez, helburua haurrei kultur aukera berriak eskaintzea da, eta euren ohituretan kultur jarduerak txertatzea.
Urriaren 3an hasita, asteazkenero ipuin kontalariekin gozatzeko aukera izango dute. Haurrentzako zinemak ere protagonismoa izango du. Zazpi film emango dituzte. Gainera, beste hainbat jarduera eskainiko dituzte, haurrentzat, bi euroren truke: kultura bulegoan bonoa eskuratuz gero, euro batean geratuko dira ekitaldi horiek.
Lander Zurutuza liburuzainak, berriz, Orribakar literatur lehiaketaren berri eman du. Bosgarren aldiz antolatuko dute, eta edozein genero aurkez dezakete parte hartzaileek, orrialde bakar batean. 100 euroko hamar bono emango dizkiete irabazleei. Lehiaketaren oinarriak
estekan klik eginda ikus daitezke.
Musika
Tomas Garbizu Musika Eskolako zuzendari Xanti Espinak, bere aldetik, esan du bere ildoa jarraituko dutela. Hileko hirugarren larunbatero kantu jira egingo dute, eta Santa Zezilia egunean zein gabonetan musika eskaintza areagotuko da. Gainera, Euskaraldiaren harira, musika saio berezia egingo dute.
Lezoko Udalaren agendan ikus daitezke ekitaldiak.