Bihar, Ugaldetxoko jaien harira, ehunka urtez atzera egingo dute auzoko bizilagunek. Labore Oarsoren laguntzarekin, Ihurrita baserriko errota berezia baliatuko dute garai batean bezala irina garraiatu eta ehotzeko.
Biharko dena prest dute Ihurrita errotan.
Bihar, Ugaldetxoko jaien harira, ehunka urtez atzera egingo dute auzoko bizilagunek. Labore Oarsoren laguntzarekin, Ihurrita baserriko errota berezia baliatuko dute garai batean bezala irina garraiatu eta ehotzeko.
Garai batean, errota zen irina, garia edota bestelako zerealak ehuntzeko tresna ezagun eta orokortuena. Gaur egun, ordea, teknologia berriei esker, ez dira oso ohikoak, eta gehienek, museoen antzera, bisitak besterik ez dituzte jasotzen; geldirik egoten dira, inolako erabilerarik gabe. Gutxik mendeetan zehar iraun duten arren, Oiartzungo Ugaldetxo auzoan ehunka urte dituen errota berezi batekin egin daiteke topo. Ihurrita baserrian dago errota hori, eta kanpotik ikusten ez den arren, etengabe ibili dira belaunaldi ezberdinak bertan gogor lanean, ehunka eta ehunka urtez.
Herriko helduenek gogoan duten arren, gehienek ez dakite errepide ondoko etxebizitza batean aurki daitekeela errota; ezkutuan dago, beheko solairuaren barrenean hain zuzen ere. Mendeetan zehar eraikinak aldaketak jasan ditu, baina beti errota zaharraren zatiak integratu dituzte eraikin berrituetan, jarduera errespetatuz. Ia etxe azpitik igarotzen da Oiartzun ibaia, eta bertan presak ibaiaren arroarekin egiten du topo. Errota Ihurrita baserriko familiak kudeatzen du, belaunaldi berriei lekukoa pasatuz. Senideek diotenez, batzuek errota geldirik egon dela uste dute, baina egia ez dela nabarmendu dute: erosleei irina salduz edo etxekoentzat talo irina eginez, beti martxan izan dela zehaztu dute.
Ihurritatik oso gertu, Labore Oarso kooperatibaren egoitza nagusia dago. Gertutasun horrek, eta errotaren jabeekin duten harreman estuak bi egitasmoak elkartzera bultzatu ditu. «Bertako irina egiten dute Ihurritan, modu ekologikoan, eta gurera ekartzeko aukera ikusi dugu», dio Laboreko lehendakari Jon Legorburuk. Hala, bi egitasmoek bat egin dute. Eta ibilbide luzea izango duen harremana sendotzen hasteko,
Ugaldetxoko jaiak probestuko dituzte (San Miguel Eguna zehazki). Bihar (hilak 29), Ihurritako lana kalera aterako dute, modu oso berezian gainera.
Jon Legorburu: «Antzinean irina egiteko prozesu guzti hori nola egiten den erakutsi nahi dugu». Hori izango da eguneko plater nagusia, baina ez bakarra. 11:00etan elkartuko dira Herriko Plazan, eta astoa baliatuz, Ihurritara garraiatuko du interesa duen edonork artoa, garai batean bezalaxe. Han, bertako produktua nola lantzen den azalduko dute, ehuntzeko prozesu guztia alegia, hasieratik bukaeraraino. Eta landuko duten produktua, nola ez, bertakoa eta ekologikoa izango da: arto ekologiko tostatua erabiliko dutela kontatu dute kooperatibatik. Behin irina lortuta, Laboreren egoitzara eramango dute prozesuaren azken pausoa burutzeko: talogile profesional baten laguntzari esker, taloak egiten hasiko dira. Ondoren, noski, dastatzeko unea iritsiko da, eta tragoska bat hartzekoa ere. Legorburuk azaldu duenez, prozesu guztian zehar gidari lanak egiten bisitariek alboan baserritar bat izango dute, zalantzak argitzeko. Gainera, trikitilariak ere gonbidatu dituzte festara, eguna musikaz alaitzeko. Egun osoko festara batzeko aukera ez dutenentzako, 11:00etatik 14:00etara zabalik egongo da errota, edonork bisitatu nahiko balu.
Laboreko kideek diotenez, ez dute bertako irin ekologikoa egiteko ohitura egun bakar batera mugatu nahi. Biharkoa hasiera izango da, eta ondoren, irin hori Ugaldetxoko egoitzan bertan saltzeko asmoa dutela kontatu du pozik Legorburuk.
Historia luzekoa
Ihurrita zutik eta lanean mantentzea ez da batere erraza izan. 1980ko hamarkadaren hasieran Oarsoaldea osoan 33 errota aztarna identifikatu zituzten etnografoek, baina Ugaldetxokoak ez bezala, gehienek ez dute irauteko aukerarik izan. Mende hasieran, Oiartzunen soilik bi errota zeudela kontatu dute senideek (Arrasku eta Ihurrita), eta zorionez, egun biek lanean jarraitzen dutela.
Aspaldi ehotu zuen lehen aldiz arto edo gari ale bat Ihurritako errota zaharrak. Zehazki noiz eraiki zuten jakin ez arren, XV. mendearen hondarretik aurrera eta XVI. eta XIX. mendeen artean errotaren inguruko dokumentuak existitzen direla kontatu du Legorburuk. Are gehiago. Inguru horretako historiaren «azken testigantza materiala» dela nabarmendu du, Ugaldetxo eta gertuko eremuek industria aldaketa nabarmenak jasan baitituzte azken hamarkadetan. «Oiartzun ibaiaren paisai propioaren parte da errota».
Egun errota bat lanean aurkitzea zaila bada, Ihurritaren ezaugarriak dituen bakar bat ere zutik mantentzea are zailagoa da. «Gipuzkoan hau da presa, ura eta errota duen errota bakarra, prozesu guztia bere gain hartzen duena». Legorbururentzat, «altxorra» da Ugaldetxoko eraikin zaharra, eskualdeko kultur eta landa ondasun «oso garrantzitsua».
Errotaren bigarren bizitzarako lehen pausoa Laborek eman duen bezalaxe, beste herritar askok ere eman dute azkenaldian, bat egin dute egitasmoarekin. Hala, Ihurrita Errota Martxan elkartea sortu berri dute dena aurrera eramateko. Helburua, argia: errota, kanala eta presa babestu eta sustatzea.