Joaquin Gallegos Lararen 'Guaraguo eta beste istorio batzuk' aztertuko dute; Esteban Agirre itzultzailea gonbidatuko dute
Joaquin Gallegos Lara (Guayaquil, Ekuador, 1910-1946).
Irakurketa taldeak ikasturteko lehen saioa egingo du gaur zortzi, hilak 16. Ekuadorrera eramango die Joaquin Gallegos Lararen
Guaraguo eta beste istorio batzuk narrazio liburuak. Esteban Agirrek itzuli du euskarara, eta lehen saio horretan egongo da. Ikasturtean zehar gonbidatu berezi batzuk ekartzen dituzte Oiartzunera, eta bera izango da lehenengoa.
Agirrek berak
Booktegi-ren bideo honetan azaltzen duenez, Gallegos Lara eskolatu gabeko idazlea zen, eta militantziagatik idazkera ederzalea alde batera utzi, eta hizkera herrikoiagoa islatu zuen bere idatzietan. Hori euskarara ekartzea izan da Agirreren erronketako bat. Horri eta gehiagori buruz ariko da datorren asteartean, 20:00etatik aurrera, Manuel Lekuona bibliotekan. Taldean parte hartu nahi duenak liburutegiko harreran galde dezake.
Egitaraua
Oiartzungo Irakurketa Taldeak ikasturteko lehen atala idatzi aurretik hitzaurrea prestatu du, liburu proposamenak bilduz eta hilabetero irakurri behar dutenekin zerrenda bat egin dute. Honakoa da aurtengoa:
- Urriak 16: Guaraguo eta beste istorio batzuk (Joaquin Gallegos Lara).
- Azaroak 20: Egunsentiaren esku izoztuak (Xabier Lete).
- Abenduak 18: Azken patriarka (Najat El Hachmi).
- Urtarrilak 15: Harrian mezua (Alberto Ladron Arana).
- Otsailak 19: Asylum (Javier de Isusi).
- Martxoak 12: Laura esaten zioten (Leire Ibarguren).
- Apirilak 9: Bihotz handiegia (Eider Rodriguez).
- Maiatzak 21: Lorea Gernika, andrazko bat (Koldo Izagirre).
- Ekainak 25: Fotogramak (Goiatz Labandibar).