Larunbatean egingo dute Landalur Azoka. Azokaren helburu behinena, lehen sektorean lanean ari diren enpresak ezagutaraztea da, baita egiten duten lana aitortzea ere
Landalur azokan bertako produktuak erosi eta dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Errenteriako Landalurraren Azoka egingo dute larunbatean, hamalaugarrenez, Zumardian, Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak eta Errenteriako Udalak. Azokaren helburu behinena, lehen sektorean lanean ari diren enpresak ezagutaraztea da, baita egiten duten lana aitortzea ere: “Ez dugu ahaztu behar lehenengo sektoreko enpresa horiek direla gure ingurua eta paisaia mantentzen dituztenak, eta merkatua eta gertuko saltokiak kalitatezko elikagaiekin hornitzen dituztenak”.
Egun osoan zehar bertako produktuak, abere, perretxiko, eta erlea zein erlezaintzaren gaineko erakusketa mota ezberdinetako ezti dastaketarekin izango dira Zumardian. Eguzki Borda baserriko Idiazabal jatorrizko izendapena duen ardi gazta, Aparola baserriko behi gazta, Eguzki Borda eta Aparolako barazkiak, Usaskue baserriko marrubiak, eta Zituene Pasta Obradore Kooperatiboko pasta freskoa, erosi eta ikusi ahalko da bertan.
Sagardo naturala egiteko prozesua erakutsiko du azokaren barruan Egiluze sagardotegiak, eta hainbat tailer egiteko aukera ere izango da 11:00etatik 14:00etara. Besteak beste, haurrei begira, landaketa eta lore prentsatu tailerra egingo dute 11:00etatik 12:00etara; Helduentzako haziak lortzeko tailerra 12:00etatik 13:00etara; eta familiei begirako haziak ereiteko tailerra 13:00etatik 14:00etara.
Eguerdian atseden hartuta, 16:30ean zabalduko dute berriro azoka. Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak antolatuta,
Haziak aratuz, haurrak hezituz tailerra egingo dute, eta 18:00etatik 19:00etara,
Hazi baratzak sortu tailerra izango da, adin guztietako jendeari zuzendua. Bitartean, txikienek Basasoro baserriko esnearekin egindako txokolatea dastatzeko aukera izango dute. 10:00etatik 14:00etara, eta 16:30etik 19:30era izango da zabalik azoka.
Jakoba Errekondoren hitzaldia etzi
Azokarako motorrak berotzen hasteko hitzaldia antolatu dute etzi (osteguna) Jakoba Errekondoren eskutik. Baratzezaintzan aditua, Euskadi Irratiko Landa Berri saioan kolaboratzaile da Errekondo. Tokian tokiko produktuak kontsumitzearen garrantziaz arituko da, baina bertaratutakoek baratzaren inguruan dituzten galderak ere erantzungo ditu.