Eskualdeko 81 establezimenduk parte hartuko dute merkataritzan euskararen erabilera sustatu nahi duen 'Euskara Saltsan' iniziatiban.
Eskualdeko jatetxeetan otorduak egin ahal izateko 50 euroko bonuak zozkatuko dituzte, eta horiez gain Zuberoa jatetxean bi lagunentzako afaria .
Merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko helburuz Oarsoaldeko Euskara Batzordeak kanpaina bereziak bultzatzen ditu urtero askotariko sektoreetan, eta aurten jatetxeetan zentratuko dira.
Euskara saltsan izenarekin sariak zozkatuko dituzte eskualdeko jatetxeetan euskaraz aritzen diren bezeroen artean. Jakinarazi dutenez, 81 establezimenduk parte hartuko dute kanpainan: Lezoko 21ek, Oiartzungo 30ek eta Pasaiako 30ek.
Jatetxeetan euskaraz egiten duten bezeroei txartelak banatuko dizkiete. Txarteletan dastatutako plater baten izena idatzi ondoren, bezeroek horretarako propio prestatutako kutxetan sartu beharko dute txartela, eta txartel horiek erabiliko dituzte gerora zozketa egiteko.
Eskualdeko herri bakoitzean seina txartel sarituko dituzte, irabazleek txartela entregatu zuten jatetxean erabiltzeko 50 euroko sei sari, hain zuzen ere. Horrezaz gain, Oiartzungo Zuberoa jatetxean bi lagunentzako afaria zozkatuko dute parte hartzaile guztien artean.
Euskara saltsan kanpaina hilaren 15ean jarriko dute martxan eta azaroaren 15era bitartean egongo da indarrean.