Eskolako Agenda 21en barruan, ikasturte hasierako lehen saioa egin dute gaur; Eneritz Arbelaitz Ingurumen zinegotziak eta Ander Santesteban erantzun diete
Herriko hiru ikastetxeetako 1.400 ikasleen ordezkariak joan dira udalera.
1.400 ikasle oiartzuarren ordezkari talde batek bete du udaletxeko areto nagusia. Izan ere, Eskolako Agenda 21en barruan, ikasturte hasierako ohiko foroa egin dute udaleko ordezkariekin.
Aurreko maiatzean, ikasleek euren konpromisoak aurkeztu zituzten udaleko ordezkarien aurrean. Zaratari lotutakoak ziren, hori baitzen iazko ikasturtean landu zutena. Honakoak dira: errespetuz eta doinu egokian hitz egiteko saiatuko direla; giro atsegina sortzen saiatuko direla; hitz egiten ari dena entzungo dute eta hitz egiteko txandak errespetatuzko dituztela; musika doinu egokian jartzea; gelaz gain, ikastetxeko gainerako eremuetan lasai ibiltzea… Eta, horrez gain, Oinbusa iniziatiban partaide gehiago lortzeko lan egitea.
Udalaren erantzuna
Horiek haur eta gaztetxoen konpromisoak. Udalari egindako eskaerek gaur jaso dute erantzuna, Eneritz Arbelaitz alkateorde eta Ingurumen zinegotziaren zein Ander Santesteban Ingurumen teknikariaren bitartez. Honakoak izan dira erantzunak:
- Zarata mapa. Oiartzungo Udalak iaz osatu zuen mapa hori, eta kutsadura akustikoaren fokuak identifikatuta, neurriak hartzeko plana idatziko dute.
- Zarata eta dardaren aurkako udal ordenantza berria idatziko dute, zaharkitua geratu denaren ordez.
- Mugikortasunean eragina duten neurriak hartzen jarraitzen du. Hor daude oinezkoentzakoak: Lintzirin industriaguneko espaloi berria; Altzibar eta Legarreako espaloien berritzea, eta kale aldapatsuan jarritako baranda… Bidegorri sarea ere hobetuko dela esan diete ikasleei, Altzibar eta Karrikakoa eraikiko dutelako.
- Taxibus zerbitzua ematen duen ibilgailua elektrikoa izatea.
- Zaratak sortzen dituen osasun-arazoen inguruan herritarrak eta beste sektoreak (lantokiak, taberna…) sentikortzeko komunikazio-ekintza aurrera eramatea.
Klima aldaketa
2018/2019 ikasturtean klima aldaketa landuko dute ikasleek. Aurtengoa hamabosgarren ikasturtea izango da Eskolako Agenda 21eko programa landuko dutela. Honakoak izan dira jorratu dituzten gaiak, besteak beste: ura, energia, hondakinak, mugikortasuna, biodibertsitatea, kontsumo arduratsua, zarata, elikadura…