Trintxerpeko Karmengo Ama ikastetxea kontsumo arduratsua sustatzen duen 50/50 proiektuan parte hartzen ari da.
Energia kontsumoan aurrezteko lanean hasiak dira Trintxerpeko Karmengo Ama ikastetxean.
Lehengo asteazkenean aurkeztu zuten eskualdeko hainbat ikastetxeetan lantzen ari diren
50/50 proiektua, eta gaur Trintxerpeko Karmengo Ama eskolak beren hezkuntza komunitatean proiektua nola garatzen ari diren jakinarazi du. “Urria hasieran aurkeztu ziguten egitasmoa eta ez genuen zalantzarik izan proiektuan parte hartzeko”, adierazi du IPI Karmengo Amako LH-ko aholkularia Julen Begiristain Baztanek.
Proiektuarekin bat egiteagatik ikastetxeak izan ditzakeen onuren berri ere eman du Karmengo Ama eskolak: “Kontsumo energetikoa gutxitzea lortzen badugu aurreztuko dugun dirua ikastetxeri itzuliko diote, %50 eskola materialerako eta beste %50a ikastetxean energia modu eraginkorragoan erabiltzeko helburuz mantenu lanak egiteko”.
Onurak, baina, ez dira soilik materialak,
50/50 proiketua ikastetxeetan lantzen ari diren heinean helburu hezitzaile eta pedagogikoak direlako nagusi. “Proiektu honi esker gure kontsumo energetikoaren inguruko hausnarketa egin dezakegu, erabiltzen dugun energiaren eraginkortasuna aztertu dezakegu, gure ohituretan aldaketa txikiek nolako eragina izan dezaketen ikusiko dugu eta ikasleak ahaldunduko ditugu, kontzientzia hartu eta haien erabakien bitartez ingurumena horrenbeste kaltetzen duen kutsadura murrizteko”, adierazi du Begiristain Baztanek.
Energia berrerabilgarrien erabilpena bultzatu nahi dute modu honetan, ikasleei mezu argi bat helaraziz: “Energia kontuetan denoi dagokigu neurriak hartzea, planeta kinka larrian dagoelako, eta ondorengo belaunaldiei zor diegulako egoera egonkortzea”. Karmengo Ama ikastetxean bidea egiten hasia da.