Herritarrek hondakin horiek epez eta tokiz kanpo utz ditzaten saihestu nahi du Lezoko Udalak. Asteazkenean hasi ziren kanpainarekin.
Tamaina handiko hondakinak egoki uzteko kanpaina izango da.
Tamaina handiko hondakinen gaineko kanpaina jarri zuen martxan asteazkenean udalak, San Markos Mankomunitatearekin elkarlanean. Helburua, herritarrek, mota horretako hondakinak modu egokian ateratzea da: «Askotan hondakin mota horiek ez dira modu egokian ateratzen, lekuz kanpo, ordu eta egun okerrean eta tamaina handikoak ez direnak ere ateratzen dituzte».
Jokabide horrek arazo handiak eragiten dituela esan du udalak, «zikinkeria eta herritarrentzako arriskua ere eragiten du batzuetan».
Hondakin mota hori ondo kudeatzeko, beraz, bandoak jasoko dituzte bizilagunek etxeetan, eta edukiontzietan ere kartelak jarriko dituela azaldu du udalak.
Hondakinak gaizki kudeatzea zigortuta dagoela ekarri du gogora, eta tamaina handiko hondakinak Garbigunera eramatea edota dagokion lekuan uztea norberaren ardura dela gogorarazi du. Sistema modu egokian erabiltzera deitu ditu herritarrak, azkenik.